Gero eta kotxe elektriko gehiago ikusten doguz gure errepideetan. Pertsona batzuentzako kotxe arrunt bat da, euren ibilgailu normala. Baina askorentzako hondino oso ezezagunak dira auto elektrikoak. Gasoil edo gasolinagaz bultzatutako auto bategaz alderatuz, ezaugarri oso desbardinak daukiezala esaten dabe adituek. Espainiar estaduan kotxe elektrikoen salmentea %70 inguru hazi zan pasa dan urtean. Hazkundea handia izan zan arren, hondino salmenta guztien %5 inguru suposatzen dau. Europako estaduekaz konparatuz, oso atzean geratzen da.
Abantailen artean, bidaia laburren kontsumoa oso bajua dala, ingurumen etiketari esker urietako edozein lekutara sartzeko aukerea daukiela, udaletxe askotako aparkalekuetan ordaindu barik aparkau ahal dirala eta mantenimendua oso erreza eta merkea dala azpimarratzen dabe. Desabantailen artean nabarmenduenak, prezioa, auto normalak baino garestiagoak dirala, autonomia gitxi daukiela momentuz eta kargetako denbora asko behar dabela, kasu batzuetan 6 orduko karga.
Kotxe elektrikoen ezaugarriak ezagutzeko, batez be erabiltzaileen ikuspegitik, Joseba Berriotxoa, Ibilgailu Elektrikoen Alkarteko kideagaz berba egin dogu. Hondino gauzak hobetzeko dagozala esan deusku, baina zortzi urte daroazala kotxe elektrikoagaz eta oso pozik dagoala be kontau deusku. “Auto arruntetan baino askoz lasaiago gidatzen dot”, adierazo dau Josebak. Beragaz auto elektriko bat erabiltzaileentzako zer suposatzen dauan ulertzeko aukerea euki dogu. Gainera auto adimenduen abantailen eta arriskuen inguruan be galdetu deutsagu.