Zemendiaren 22ra bitartean 10 emonaldi eskeiniko dira

Hamaikagarren edizinoa da aurtengoa

Antzerkiño jaialdia hasi da Abadiñon

Antzerkiño jaialdiaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Zapatuan hasi zan Abadiñon Antzerkiño jaialdia. Zemendiaren 22ra bitartean, hamar ikuskizun eskeiniko dira. Antzerkiño jaialdiaren hamaikagarren edizinoa da aurtengoa. Nobedadea da, saioak udalerriko espazio desbardinetan eskeiniko direla, Errota kultur etxean, gaztetxean, Txanporta kultur etxean eta probalekuan. Antolaketa lanetan be sartu da Abadiñoko Txanporta Kultur Kluba, Banarte antzerki konpainiagaz batera. Sorkuntza garaikidea sustatzeaz gain, kalidadeko kultur eskaintzea herritarren eskura jartzea da helburua, alkarlana sustatuz. Danetariko lanak aurten be ikusgai. Gontzal Royuela antolakuntzako kidearen esanetan, bakarrizketak, dantza eta bestelakoak izango dira.

Memoria historikoa

Banarte antzerki konpainiaren Cancun antzezlana izan zan hasteko urriaren 31an, zapatuan. Datorren astean, Olatz Gorrotxategik sortutako 43 º, 13 ‘ 44″ N antzezlana ikusi ahal izango da. Bilboko Udalak emondako Artistak Egoitzan bekari esker sortu eban memoria historikoa ardatz dauan antzezlan hau. Hazten joan dala esan deusku egileak. Bere aititeren testigantzak, argazki, agiri eta bideo bitartez eskaintzen dauz egileak. Senideek jasandako mina eta irauten dauan bidegabekeria aipatzen dira antzezlan honetan. Orain arteko emonaldietan, publikoaren erreakzino gozoa aipatu dau Gorrotxategik. Antzezlan hau zemendiaren 15ean eskeiniko da Txanporta kultur etxean. Zemendiaren 22ra bitartean, bariku-zapatu-domekaz izango dira saioak Antzerkiño jaialdian. Bariku honetan, Kalte Kolektiboaren Fikziohesioa antzezlana eskeiniko da gaztetxean.  Kintada Eguna ospatzen da egun berean. Gazteak antzerkira eta jaialdira hurreratzea da antolatzaileen asmoa. Honakoa da gainontzeko egunetako egitaraua:

  • Azaroak 7: Ama Amama Mamuak!, Naita Produkzioak – Errota kultur etxea
  • Azaroak 8: Putaren bakarrizketa eroetxean, Laura Peganos – Txanporta kultur etxea
  • Azaroak 13: LaKoste, Dxusturi Teatroa – Txanporta kultur etxea
  • Azaroak 14: Leonas, Juego de Damas – Errota kultur etxea
  • Azaroak 20: Garbigailua, Enbata-Aldizkari Bizia – Probalekua
  • Azaroak 21: Laia, Jarapandra Teatro – Errota kultur etxea
  • Azaroak 22: Adrien BergsonJohnson, Itzuli Konpainia – Txanporta kultur etxea

Abadiñoko Errota kultur etxean eta Udal Mediatekan eskuratu daitekez Antzerkiño jaialdirako sarrerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00