Espainiako Gorteetako hauteskunde kanpainako azken aurreko egun honetan, Idurre Bideguren, Senadurako EH Bilduren Bizkaiko hautagaia euki dogu Bizkaia Irratian. Esan deuskunez, pozik dago orain arte egindako kanpainagaz. Ganera, inkesten arabera, emaitza onak izango ditu EH Bilduk, eta Bizkaian sozialistekaz lehia estua bata edo bestea nagusitzeko: “Ondo goazela sentiduten dogu. Geroz eta konfiantza gehiago daukagu herritarren aldetik”. Gogoratuko dogu hirugarren gelditu zala EH Bildu 2023ko hauteskundeetan. Beraz, goranzko joerea dakar alderdi subiranistak.
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna izan zan atzokoa. Aldarrikapen hori egunero gogoan eta bizirik eukitea komeni jaku, arazoa hor daukagulako: “Daukagun drama nagusienetakoa da. Aurrerapusoak emon dira, bai, baina datu batzuk ikustea beldurgarria da oindino. Emakume bitik batek indarkeria pairatu dau bere bizitzaren momenturen baten“. Bitartean, inflazinoa eta bizimodua garesti egotea dira herritarren arazo eta ardura handienetarikoak. Horren harira, Oskar Matute entzun dogu esanaz prezioak merketu eta soldatak hobetu behar dirala. Bideguren bat dator: “Lanbide arteko gitxieneko soldatea igon da estadu mailan. Halanda be, hemen ez gara Europako Karta Sozialak agintzen dauan gitxienekora heltzen. Horregaitik, lanbide arteko gitxieneko soldatea hemen erabagitzeko aukerea euki gura dogu“.
Bestalde, etxebizitzaren inguruan badago ardurea eta alderdi guztiak dabilz horren inguruko proposamenekaz. Batzuk era batekoak eta beste batzuk beste era batekoak. Erakunde ezbardinek eginbeharra daukela be ikusten da. Hauteskunde ostean gai honen gaineko akordio zabalen bat egotea ondo ikusiko leuke hautagaiak: “Ezin dira zahartutako errezetak erabili. Diagnostiko zintzoa egin dogu, arazoak identifiketako asmoz. Momentu honetan, etxebizitzak ez dau bete behar dauan funtzino soziala betetzen, beste funtzino batzuk baizik”.
Astelehenetik aurrera, gobernua eratzeko prozesuan, EH Bilduren marra gorriak zeintzuk izango diran aurreratu deusku: “Alderdi Popularrak ez dakar ezer onik geure herrirako. Beraz, PP-VOX blokea gelditzea da geure lehen erronkea. Bestalde, gobernu aurrerakoi baten osaketak ez deusku geure helburuak beteko doguzala bermatzen, baina lan egiteko aukerea zabaltzen deusku“. Bidegurenek uste dau amaitu dan agintaldi honetan ona izan dala Euskal Herrirako EH Bildu Pedro Sanchezen gobernuari eusten egotea eta EH Bilduren aldeko botoa eskatu dau domekako hauteskunde orokorrei begira: “Orain arte egin doguna berme bat da. Politika ausartagoak egingo dituan gobernu aurrerakoia posible egiteko alderdia EH Bildu da. Ganera, geure herria eta herritarrekaz oso lotuta gagoz. Herri hau maite daben guztiei EH Bildura batzeko dei egiten deutsegu“.
