Euskaltzaleon Martxa antolatu dau Euskalgintzaren Kontseiluak bagilaren 13rako Iruñean. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak esan deusku egun horretan “euskeraz bizi izateko behar dan guztia” eskatuko dabela: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan emon beharreko jauzia eta euskaltzaletasuna. Ekitaldia jentetsua izatea aurreikusten dabe: “Giro polita sumatzen gabilz. Pasa dan abenduan euskaltzaleen gogoa sentidu genduan, alkar elikatzeko eta indartzeko. Beraz, euskaltzaleok gogotsu gagoz“.
Bagilaren 13koa pizkunderako bigarren pausoa izango da, abenduan Bilbon ospatutako ekitaldia eta gero. Aktibazino premina ikusten dau Eskisabelek: “Aktibazino preminan gagoz. Kezka handia dago, gaur egungo munduak erronka ikaragarriak ipini deutsazalako euskereari. Hori dala eta, euskerea larrialdi linguistikoan dago, baina egoerari bueltea emoteko gogoekaz gabilz“. Datorren ekitaldiaren estrukturari jagokonez, hiru zutabe abiatuko dira leku ezbardinetatik: “Hiru zutabe dagoz. Lehenengoa, Runa Parketik urtengo da. Bigarrena, Askatasunaren Plazatik abiatuko da. Amaitzeko, hirugarrena, Iruñeako erdialdetik ibiliko da”. Zutabeek Gazteluko Plazan egingo dabe bat.
Bestalde, 2036rako erronkak be ipini ditu Euskalgintzaren Kontseiluak oraintsu: euskalduntze erritmoa bizkortu eta gitxienez beste 300.000 euskaldun oso eukitea urte horretarako. Gaur egungo erritmoan lortzen dan kopurua bikoiztu egingo litzateke: “Ezagutzan hazten joan gara, baina erronka barriei aurre egiteko orain arteko erritmoak ez dau balio. Oraingo erritmoak ezingo deutse erantzun euskereak sozialki bizirik jarraitzeko dituan preminei“.
Amaitzeko, Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legearen ponentzia eratu dabe, euskereak funtzino publikoan euki behar dauan lekuaren gaineko proposamen bigaz. Momentu honetan dagoan egoeraren ganean be hausnartu dogu Eskisabelen eskutik: “Euskal Autonomia Erkidegoan badagoz baldintzak enplegu publikoan arituko diran guztiek euskerea gaztelaniaren parean jarteko“.
