Inkestek hazkundea iragarten deutse EH Bilduri Bizkaian. EAJk irabaziko leukez maiatzaren 28ko hauteskundeak eta galdeketen arabera EH Bildu bigarren indarra izango litzateke batzar-kide bat edo gehiago irabazita. Iker Casanova (EH Bildu) euki dogu gaur Goizeko Izarretan.
“Maite dodan Bizkaia feministea, ekologista da eta justizia sozialean oinarrituta dago. EH Bildu gero eta sektore gehiagorentzat herri hau ezkerretik eregiteko alternatiba bihurtzen dabil” azaldu dau Casanovak. Nagua Alba, Javier Madrazo, Gemma Zabaleta edo Manuel Diaz de Rabago Bilduren alde agertu dirala azpimarratu dau BFAko buru izateko EH Bilduren hautagaiak.
Akorduak eta proposamenak
“Nik Eusko Legebiltzarrean EAJgaz eta PPgaz akorduak sinatu dodaz, harro nago eta ez dekot arazorik hori onartzeko” akorduak sigletatik harago edukinetan oinarritu behar dirala esan deusku EH Bilduko ordezkariak. Lehen sektorean gazteak arrantzara erakarteko politikak indartu eta basogintzan monokultibotik harago doan oreka barri bat lortu behar dala aitatu dau Iker Casanovak. Industriari jagokonez Industria 5.0ren sasoia da Casanovaren eretxian. “Industria teknologiari elementu bi gehitu behar jakoz, langileei zentralidadea emotea eta jasangarritasuna bermatzea” gehitu dau Casanovak.
Zergak
Gehiago dabenek gehiago ordaintzeko neurriak proposatu dauz EH Bilduk. “Soziedade zergea aldatu behar da. Inoz ez da enpresa bat arriskuan jarten soziedade zergeagaitik, irabazien ganeko zergea da. Presino fiskalik handiena BEZ eta IRPF zergetan ezarten da eta horri buelta bat emon behar jako” azaldu dau Iker Casanovak.
Euskera politikei, azpiegiturei edo mogikortasunari buruz be berba egin dogu EH Bilduko hautagaiagaz.