Areatza eta Zornotzako zuzendaria be bada Labrador

Lekeitioko Udal Musika Bandak barikuan eskeiniko dau lehenengo kontzertua

Ilusinoz hartu dau kargua Aritz Labradorrek

Aritz Labrador / Lekeitioko Udala

Aritz Labrador zornotzarra izendatu dabe Lekeitioko Udal Musika Bandaren zuzendaria. Labrador Areatzako Bandaren zuzendaria be bada, eta 2019. urtean Zornotzako musika banda berreskuratu eban eta bera da zuzendaria. Lekeitioko bandaren zuzendaritzea ilusinoz hartu dauala esan deusku. Gaineratu dauanez, bere asmoen artean, musika bandaren zerbitzu publikoa eskaintzea dago batetik, eta bestetik, ikuspegi barria eskaintzea. Musika banden egoera orokorrari jagokonez, Aritz Labradorrek azaldu deusku, musika eskola eta banden arteko alkarlana sustatzea ezinbestekoa dala banden biziraupenerako. Lekeition, barikuan eskeiniko dau emonaldia Udal Musika bandak, Labradorren zuzendaritzapean. Santa Zezilia egunaren harira antolatu dan kontzertua da. Besteak beste, Resurreccion Maria de Azkuek konposatutako piezak eskeiniko dabez.

Ibilbidea

Ibilbide luzea dauka zuzendari zornotzarrak. Formakuntzeari jagokonez, Zornotzako Zubiaur musika eskolan hasi zan eta ostean txistuan espezializatu zan Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan. Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian be egin ebazan ikasketak. Orkestra eta abesbatz bat baino gehiagoren zuzendaritzan be ibili da orain arte, Euskadiko Orkestran, Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta Bilboko Koral Elkarteko Jesus Guridi Gazte Orkestran hain zuzen. Aritz Labrador, txistularia be bada. Esan deuskunez, Rodrigo de Santiago musikari barakaldarraren 3 disko kaleratuko dabez Durangoko Azokarako. Bestalde, datorren urtean Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 100 urte betetan dauazala eta, beste lan bat kaleratuko dala aurreratu deusku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00