Hauteskundeen nazinoarteko egunean, zezeilaren 1ean, Goizeko Izarretan saioan EAJko lehendakarigaia Imanol Pradales alkarrizketatu dogu. “Lehendakari banaz nire taldean adinekoak eta gazteak egongo dira. Nire belaunaldikoei lidergoa toketan jake baina horrek ez dau esan nahi eskarmentudunik edo gazteagorik ez danik egongo” azaldu dau EAJko hautagaiak.
“Osakidetzan ezarri beharreko hobekuntzak profesionalei entzunda jarri behar dira martxan. Osasun sistemaren inguruko aldaketak lehentasun izango dira niretzat eta hurrengo asteetan neurri zehatz gehiago ezagutzen emongo doguz” aitatu dau Pradalesek. ESIek orain arte ondo funtzionau dabela baina gauza batzuk hobetu leitekezala gaineratu dau Santurtziko politikariak.
Iñaki Arriola sailburuak Aldundiei etxebizitza gaiei begirako fiskalideadea aldatzeko eskatu deutse. Arriolak dino etxebizitzaren sarbidearen errealidadea aldau dala eta horri begirako fiskalidadea zaharkituta geratu dala eta maizterren edo jaubeen kenkari zein hobarietan aldaketak proposatu dauz. “Gauza puntual bat da, BFAk aurton aurkeztuko dauen barrikuntza fiskalean kokatu beharko geunke beti be armonizazinoa bultzatuz” azaldu dau Pradalesek.
Autodeterminazino eskubideaz galdetuta, EAJko lehendakarigaiak esan dau bi urte barru Estatutua beteta autogobernu barriaz berba egin beharko dala. “Orduan aldebikotasunaz, euskal nazinoaren autortzaz eta autogobernuaren bermeaz berba egin beharko da” azpimarratu dau EAJko lehendakarigaiak.