Gizarte Segurantzaren esku aldaketearen negoziainoa datorren astean hasiko da

Lehendakariak arazoa konpondu arte mahaian egoteko eskatu deutso ministreari

Imanol Pradales: “Madrilek piztu eban medikuen grebea eta Madrilek konpondu behar dau”

Imanol Pradales lehendakaria / Bizkaia Irratia

Imnanol Pradales lehendakariaren esanetan, medikuen gatazkea konpondu arte osasun ministreak mahaian egon behar dau. Eurak piztutako arazoa dala eta konpontzea eurei dagokiela azaldu deusku. Kezka handia dabela osagileen grebeaz. Jaurlaritza ahal dauen guztia egiten dabilela, sendagileekin eta sindikatuekin berba eginda, baina Madrileri jagokola konpontzea. Osakidetza hobetzeko ahalegin handia egin dabela bere agintaldiko lehenengo urte bietan, hainbat adierazleri bueltea emon eta hobetzeko; beraz, arazo honi urtenbidea emotea derrigorrekoa dala. Osakidetzan eta lehen arretan martxan ipinitako talka planak nabarmendu deuskuz, orain arte egindako lanen artean. Baita Osasun Mahaia eratu izana be. Ondino falta dala, baina gauzak hobetuz doazeala.

“Beste mundu batean sartu gara, eta ez onerako”

Mundua hainkaz gora daukagula autortu deusku lehendakariak, Gernikako bonbardaketearen urteurrenaren biharamonean: Irango egoerea, Ekialde Hurbila, Gaza, Ukraina… mundua erabat aldatu dala eta beste batean sartu gareala, ez onerako. Lidergo autoritarioen bidea ez dala ona adierazi deusku. Europak ibilbide demokratiko baten aldeko apustua egin ebala eta Euskadi horren zatia dala. Honen aurrean Agirre lehendakariaren izpiritua aldarrikaten dau Pradales lehendakariak. Agirrek eta bere belaunaldiak erakutsi ebela bidea, hainbat sufridu ebela, erbestera joan… baina halanda guzti be demokraziaren aldeko autua egin ebela. Lehenengo Jaurlaritzaren 90. urteurrena urriaren 7an beteko da. Bagiletik aurrera hainbat jarduera egingo dira Agirreren Jaurlaritzaren alde eta orduko garai ilunak gogoratzeko.

Lan merkaduko arrakalak

Lan merkaduan arrakala ugari dagoala esan deusku lehendakariak: emakume eta gizonen artean, gazte eta helduen artean, publiko eta pribaduaren artean… Honetaz berba egin behar dala uste dau, batez be, konponbideak bilatzeko. Esparru publikoak lan baldintza onak eskaintzen dituala eta jente asko erakarten dauela, baina alderdi pribatuko eta batez be, gazteen baldintzak hobetu beharra dagoala. Une honetan harrobia zaindu behar dala, herri legez. Gazteen formazinoa ahalbidetzen dala eta euren soldatak eta lan baldintzak oso garrantzitsuak dirala, etorkizuna be irabazteko. Enpresari, Jaurlaritza eta erakunde guztiena ei da ardura hau.

Etxebizitzea

Arrakalea dago gaur egun soldaten eta bizimodurako behan dan diruaren artean, batez be, etxebizitzeak eraginda. Horregaitik eragin gura ei dabe horretan Jaurlaritzatik, etxebizitzearen prezioa oztopo handia dalako gazteentzako. Urte bi honeetan legea aldatu dabe, sei lege moldatuz eskaintzea handitzeko: etxebizitza gehiago eregi eta bizkorrago. Orain gitxi dekretu barria onartu dabela be gogoratu eragin deusku, gazteentzako aukerak zabalduz. Klase ertainei be zabalduko ei jakez aukerak. Funts publiko-pribadu barria diseinetan dabilz gaur egun, milaka etxebizitza barri eregiko aukerea eukiteko. Emaitzak ez ei dira ikusiko epe laburrean, baina ertainean bai, hiru-lau urtean.

Euskerea funtzino publikoan

Euskereari dagokionez, Pradalesek ohartarazi eban euskereagaz ez dala jolastu behar. Gogorarazo dau azken hamarkadetan egindako aurrerapenak handiak izan dirala, eta erronka nagusia erabilerea dala: eskolan aurrerapausu ikaragarriak emon dirala,  baina kalean eta lan munduan hondino badaukagula zeregina. Deialdi publikoetan segurtasun juridikoa behar dala eta une honetan kolokan dagoala, beraz legebiltzarrari eta alderdi politikoei dagokiela adostasun lortzea. Horretarako denporea badagoala eta blokeo posizinoetan egotea ez dala egokiena.

Gizarte segurantzea

Gizarte segurantzearen transferentzia potoloena eta konplexuena da, Pradalesen arabera. Eusko Jaurlaritza prest ei dago negoziazioari serio heltzeko: ez ei dabe amore emongo. Prestazino ez kontributiboak eta Eskola Asegurua adostu zituenean bidetxoa zabaldu ebela Gizarte Segurantzearen inguruan eta hor ei dago aukerea. Datorren astean egingo dira lehenengo batzar politikoak Madrilen. Estaduak ba ei daukaz euron proposamenak, orain sakondu eta negoziazino mahaia eratu beharko ei da. Erreza ez dala izango autortu deusku, lan piloa egin beharko dala.

Koalizino gobernua ondo

Koalizino gobernuko bazkideen arteko harremanak ondo dagozala azaldu deusku lehendakariak. Toketan jakenari begira dagozala, euskal gizartearen kezkei urtenbidea emoten. Zarata mediatiko handia dagoala baina eurok horretan zentrauta dagozala. “Koalizino gobernuaren barruan dagoen giroa ona da, lan giroa ona da eta sailen arteko hainbat proiektu daukaguz eta horretan gagoz murgilduta”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00