Iñaki Garmendia Laja trikitilariak etxean kasetetan grabautako 40 pieza daukazan lan bikoitza aurkeztu da gaur. Laja, Ordu txikitako saioak diskoa aurkeztu dau Elkar argitaletxeak Donostian. Iñaki Garmendiak ordu asko emoten ebazan etxean, entseguak egiten. Saio horreek kasetetan grabatzen ebazan. Jose Luis Garmedia semeak aurkitu ebazan kasete horreek eta orain urte bi hasi ziran grabautakoa aztertu eta digitalizetan. 200 piezatik, 40 aukeratu dabez CD bikoitz honetan kaleratzeko. Anjel Valdés musika aditua arduratu da piezak aukeratzeaz. Esan deuskunez, Lajak egindako lana islatzen da diskoan. Erromeria bat antolatu dabela dino.
Trikitixa kalera ekarri
Iñaki Garmendia 60ko hamarkadan hasi zan musikagintzan. Bere ibilbidean, pandero-jole askogaz aritu zan Laja: Iturbide, Landakanda, Mikel Eguren edo Ziolarre… Zortzi disko argitaratu ebazan guztira. Anjel Valdesén esanetan, bere lana eklektikoa eta zabala izan zan. Ordu txikitako saioak lanerako piezak aukeratzerakoan, Valdések esan deusku oreka bat bilatu dabela. Kalidadea nagusitzen dala be azpimarratu dau. Garmendiaren ardura nagusia erromeriak eskaintzea zan eta ez piezak argitaratzea. Trikitixa kalera ekartea nahi eban. Argitaratu barik geratu diren piezei jagokenez, aurrera begira, diskorik ez da kaleratuko, baina zaleen esku geratuko dira sare digitalaren bidez.
