Urdaibai traineruak erakustaldiak emon dauz Zarauzko banderaren jardunaldi bietan eta erdi erabagita itxi dau Eusko Label Ligearen sailkapena. Lau estropada baino ez dira geratzen eta Bermeoko ontziak bederatzi puntuko aldea kentzen deutso bigarren postuan dagoan Zierbernari eta beste horrenbeste Hondarribiari.
Iker Zabala, Bou Bizkaiako entrenatzaileagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Zabalak oso indartsu ikusten dau bere taldea denporaldiko azken estropadei begira eta hondino azkarrago ibiltea itxaroten dau. Aste bete eskas geratzen da Kontxarako sailkatzeko estropadea jokatzeko eta esan beharrik ez dago Urdaibaik iaz lortutako garaipena errepikatu gura dauela. Horren aurretik, baina, Ondarroa eta Getariako estropadak jokatuko dira datorren astegoieinean.