Etxebizitza dekretu biren ganeko botazinoa egingo da barikuan Espainiako Ministroen Kontseiluan. Laburbilduz, batean etxebakotzeen aurreko babesa 2030era arte, urte pare baten alokairu kontratuak automatikoki luzatzea, aldi baterako logelen erregulazinoa, maizterrentzako eta prezio merkeetan alokatzen dabenentzako hobariak, etxe turistikoetzako zergak eta etxebizitzak erosteko interes bako maileguak aurreikusten dira. Beste batean, alokairu kontratuak mugabakoak izatea. Honegaz eta etxebizitza arloan dagoan arazoaz berba egiteko, geugaz euki dogu LAB sindikatuko Bizkaiko etxebizitza arduraduna, Iñigo Alonso: “Dekretuek ez dauke itxura txarrik, baina ez da nahikoa. Neurri gehienek epemuga bat dauke, partxeak dira”.
Bitartean, alderdi batzuk, EAJk eta Juntsek esaterako, etxe jaube txikien babesa eskatzen dabe, ez parekatzeko funts-putreekaz. Alonso ez dago ados: “Ez dago jabe txikirik. Gero eta gehiago dira hiru, lau edo bost etxe dabezanak”. Proposatutako dekretu honeetaz gain, proposamen gehiago egin deuskuz LABeko ordezkariak dagoan auziari bueltea emoteko: “Mugagabeko kontratuak behar dira betirako. Bizi-proiektu bat garatzeko ezinbestekoa da jakitea modu mugagabean zeure etxean egongo zarela”. Etxebizitza sindikatuek mobilizazinoak egingo dabez Hego Euskal Herrian astegoienean. Bilbon domekan egingo dabe alkarretaratzea, eguerdiko 12:00etan, Plaza Eliptikoan.
