Politika gaiak aztertu doguz gaurkoan Bizkaia Irratiko Goizeko Izarretan irratsaioan. Horretarako, Iñigo Ansola Euzko Alderdi Jeltzaleko Bizkai Buru Batzarreko presidenteagaz egin dogu berba. Ansolaren eskutik, gaurkotasunaren errepasoa burutu dogu: EAJk onartu dituan estatutu barriak, Espainiako Gobernuagaz dauken harremana, Guggenheim Urdaibai, Ertzaintza, gitxieneko soldata propioa, etab.
Esan bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere estatutu barriak onartu ditu asteburuan egindako batzarrean. Militantziaren parte hartzea sendotu eta aktibatzea da helburuetariko bat. Hain zuzen be, bilera horren amaieran, Aitor Estebanek mezua bialdu eutson Pedro Sanchez Espainiako presidenteari: “Jarioa geratu edo hauteskundeak deitu”. Edozelan be, Sanchezek esan dau ez daukala hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Horren harira, Espainiako Gobernuari babesa kentzeko marra gorria zein dan galdetu deutsagu Ansolari. Politikari jeltzaleak argi dauka muga zein dan: “PSOE zuzenean ustelkeria-kasu baten murgilduta egotea da geure marra gorria”.
Aurrekontu sasoian gagozan honetan, Araban eta Gipuzkoan Elkarrekin Podemosegaz atera ditu aurrera aurrekontuak Euzko Alderdi Jeltzaleak. EAJ eta PSEren gehiengoa dagoan erakundeetan, Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian, aldiz, ez da izan posible aurrekontuetarako adostasun zabalagoa lortzea. Horretarako borondaterik ez izatea leporatu deutsee jeltzaleei oposizinoko alderdiek. Ansola ez dago ados: “Irakurketa desbardinak egin daitekez. Edozelan be, hiru lurraldeetan eta Euskadin aurrekontuak eukiko doguzala nabarmendu gurako neuke”.
Bestalde, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek greba orokorra antolatu dabe martiaren 17rako, gitxieneko soldata propioaren alde. Gogoratuko dogu EAJk ILParen tramiteari ezetza emon eutsola Eusko Legebiltzarrean. Ansolak greba egiteko eskubidea errespetatzen dau, baina uste dau bide aproposagoak dagozala soldata propioaren alde egiteko.
Guggenheim Urdaibai
Azken urteetan pil-pilean egon dan beste gaietako bat Guggenheim Urdaibai museoarena da. Patronatuak gaur bertan egingo dau Guggenheim Urdaibairen gaineko erabagia hartzeko bilerea: “Proiektuak euki dauan gauzarik txarrena izan da ezin izan dogula ikusi zer dan”. Kontuak kontu, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan deusku erabagia hausnarketa sakon baten ondorio izango dala.
