
InpAkta izeneko aldizkaria sortu da. 22 erakundek bultzatu daben ekimena da. Gizartean inpaktu handia eragin daben gaiak landuko dauazan aldizkari zientifikoa izango da. Jakintza arlo guztietako ikerketa lanak argitaratzea da asmoa, baina baldintza bategaz; gizarte modura daukaguzan erronkei aurre egiteko baliogarriak badira bakarrik. Euskal Herriko Unibertsidadea, Mondragon Unibertsidadea, Deustuko Unibertsidadea, Nafarroako Unibertsidade Publikoa, Agirre Lehendakari Centre, Eusko Ikaskuntza edo Udako Euskal Unibertsidadea dira aldizkaria bultzatu daben erakundeetariko batzuk.
20 ikerlan zero zenbakian
InpAkta aldizkariak euskeraz eta ingelesez onartuko dauz artikulu zientifikoak. Laburpenak, bitartean, Euskal Herriko hiru hizkuntz ofizialetan egingo dira, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Era honetara, euskera teknikoa aberastea be lortuko da aldizkari barri honetan. Zero zenbakian 20 ikerlan jaso dabez, arlo desbardinetan banatuta. Ugo Mayor erredakzino-buruak esan deusku InpAkta aitzindari eta erreferente izatea nahi leukiela. 2025. urterako itxaroten dabe lehen zenbakia kaleratzea. Urtean bi argitaratuko dira. Paperean izango dira baina digitalean be, www.inpakta.eus helbidean.