
‘Ateak ireki‘ egitasmoan hemengo eta Ipar Ameriketako euskal komunidadeen arteko zubiak eta sareak sortzen ahalegintzen dira. Proiektuko kideetariko dan Iñaki Goirizelaiak azaldu deuskunez, Ipar Ameriketan bizi diran euskal jatorriko gazteei hemengo familietan 3 asteko egotaldia egiteko aukerea eskaintzen jake, eurentzako egitarau oparoa prestatzeaz gain. Momentuz, Gipuzkoan burutzen dabe egitasmoa, Goierri aldean, nahiz eta beste leku batzuetara zabaltzea be ez daben baztertzen. Baina horretarako lan handia egin behar da, egiturak sortu eta abar, eta momentuz ezin dabe.
‘Ateak ireki’-en helburua sare iraunkorrak sortzea da, denporan iraungo dabenak, eta orain arte lortu dabe. Orain arte hiru edizino egin dira. 2019an ipini eben martxan ekimena, baina hurrengo urtean pandemia etorri zan eta ezin izan eben egin. Baina hurrengo urtetik aurrera udaro egin dabe eta oso gustura dagoz emaitzagaz. Etorten diran Ipar Ameriketako gazteak 16tik 25 urtera bitartekoak dira, gehienek daben Euskal Herriaren erreferentzia aitita-amumena da eta nahiko ideia utopikoa eukiten dabe. Hiru asteko egotaldia egiten dabe familia boluntarioen etxeetan, Goierrin, eta familia horreetariko batzuk urtero errepikatzen dabe. Familiei euskeraz jakitea eta ingelesaren gitxieneko ezagutzaren bat be eskatzen jake.
Gazteek euskera klaseak jasoten ditue hemen dagozan bitartean, Mazpide euskaltegiaren eskutik, eta egitarau zabala prestetan dabe eurentzat, Euskal Herriko txokoko ezbardinak ezagutu dagiezan eta tradizinoak, kulturea eta abar zuzenean bizi izateko modua emoteko.