
Irati Etxarri Lointek Gernika Bizkaiko jokalari iruindarra izan da asteon Bizkaia Irratiko Emakumeak Jokoan irratsaioaren mikrofonoetan. Etxarriren lehen denporaldia da aurtengoa Lointek Gernika Bizkaian eta oso eroso sentiduten dala esan deusku. Batez be, klubaren hurbiltasuna nabarmendu dau Etxarrik.
Nafarroako talde desbardinetan jokatu eta gero, Arabako Araski taldean egin eban debuta elitean Etxarrik 2016an. Ostean, Cadi La Seu taldera joan zan eta hiru denporaldi burutu ebazan La Seu d’Urgell udalerriko taldean. Kataluniatik urten barik, 2022ko udan liga osoko talde indartsuenetarikoa dan Gironara salto egin eban. Bertan denporaldi bi jokatu eta gero, eta lesino larri bat tartean egonda, Gernikara heldu zan aurreko udan.
Hain zuzen be, talde gernikarrak bizi dauan egoeraren gainean egin dogu berba jokalari nafarragaz. Liga amaitzear dagoanean, talde bizkaitarrak playoffa jokatzeko aukerak ditu, baina ia ezin dau hutsik egin. Bardintasuna nagusi da aurtengo ligan eta aurkari zuzen gehienen aurkako averagea galduta dauka. Horren harira, ligak bizi dauan egoerea txalotu dau Etxarrik: “Emakumezkoen saskibaloi liga urtero hazten dabil”.