Iratxe Etxebarria kazetariak krisi pertsonal baten errelatoa egin dau “7.300 miligramo eszitolopram” liburuan.
Etxebarria, kazetaria, korrespontsala eta EITBko ardura postuetan lanean ibilitakoa da. Orain dala urte bi estresa eta ansiedadea igerten hasi zan eta krisi pertsonal batetik urtetako bideari helduta ontxe aurkezten dabilen liburua idatzi dau. “Osakidetzan ez dago behar beste psikologorik. Jente asko dago holan eta ez dauko aukerarik psikoterapia egiteko. Nik aukerea euki dot. Psikoterapia, pilulak eta psikiatrea euki dodaz” azaldu deusku kazetari bizkaitarrak. Iratxe Etxebarriak hiru I-ak be landu dauz. Irakurri, Idatzi eta Ibili. Oinez ibili musikeagaz. “Musikeak arimea osatzen dau eta oinez ibilikeran neukazan korapiloak askatzen zirala igerten neban” gaineratu dau Etxebarriak.
Zer da burnout sindromea?
Etxebarriaren berbetan pasinoz biziten diran ogibidetan emoten da. “Niri pasau jatana da. Azken finean beharrari behar dana baino garrantzia gehiago emotea da. Beharrak beste batzuk daukien pisu bardina euki behar dau, zaintzak daukanaren bardina” azaldu dau Iretxek.
Atzo Bilbon egin eban liburuaren aurkezpena Etxebarriak eta bere webgunean eskuratzeko modua dago. Durangoko Azokan be eukiko dau salgai. Antzeko egoera bat jasan dabenei edo sufriduten dabilzanei laguntzeko coach lanetan be hasi da.