
Bizkaia Irratiko Goizeko Izarretan saioan, Itaiako kidea dan Irene Ruiz izan dogu goizeon, gazteen artean matxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada aztertzeko. Bere iritziz, sare sozialek eta egungo egoera politikoak diskurtso matxisten zabalkundea erraztu dabe. Bere esanetan, emakume langileen prekariedadeak be txarrera egin dau eta horrek ez dau mesederik egiten bardintasunerako bidean. Ruizek azaldu dauenez, azken urteetan ezkerreko gobernuek bardintasunaren aldeko neurriak hartu dituen arren, gehienak neurri identitarioak izan dira, eta ez dabe aldaketa esanguratsurik ekarri emakume langileentzat. Horrek frustrazinoa eragin ei dau gizartean, eta eskumako alderdiak aukera hori baliatzen ei dabe matxismoaren eta ideia baztertzaileen zabalkundea sustatzeko. “Sare sozialek beteten duten papera izugarria da, batez be gazteen artean, eta bertan matxismoaren diskurtsoak gero eta gehiago agertzen dira”, adierazi dau.
Horren aurrean, Itaiatik uste dabe burrukea ez dala bakarrik instituzinoetan egin behar, kalean be antolatu behar dala. Martiaren 8ari begira, emakume langileek protagonismoa izatea eta matxismoaren aurkako burrokea kalean be ikusgarri egitea funtsezkoa deaa nabarmendu dau. “Matxismoaren aurka burrukatzeko, ezinbestekoa da emakume langileok lehen lerroan egotea eta erantzun irmoak emotea”, azpimarratu dau Ruizek. Era berean, politikak instituzinoetatik harago eroan behar dirala adierazo dau, eta feminismoaren burrukea sozialismoaren barruan kokatu behar dala uste dau. Horretarako, emakume langileen prekariedadeari aurre egiteko neurriak hartu eta aliantzak sortzea beharrezkoa dala gaineratu dau.
Martiaren 8ko mobilizazinoei jagokenez, Euskal Herriko hainbat herri eta uriburutan kaleak hartzeko deia zabaldu dau Itaiak. “Gure helburua da burruka hau kalean egotea, jendarteagaz harreman zuzena izatea eta ezelako zapalkuntzarik onartuko ez dauen gizarte bat eregiteko bidean pausoak emotea”, adierazi dau Irene Ruizek.