
Lekeition biktima gehien izan dauan jarduerea arrantza izan da. Eguraldi aurreikuspen fidagarri barik, arrantzaleak egunero itsasoratzen ziran. Askotan hondamendiaren ostean hondamendia jasateko gai ez ziran ontzietan. Hain arrisku handiko beharrari aurre egitearen ondorioa, askotan, lurrera ez bueltatzea zan eta familia asko eguneroko mantenua barik geratzen ziran.
Lekeitioko 700. urteurrena dala eta, Urpeko Taldeak erakusketa interesgarri eta askorentzako ezezaguna edo estalduta geratu dan historia zati bat aurkeztu eban apirilaren 5ean. Lekeitio eta itsasoa: Hondoratzeak eta altxor naturalak deitzen da erakusketea. Itsasoan bizia galdu eben lekeitiar marinel guztiei omenaldia egin gura izan deutse eta naturak Lekeitioko kostaldean emon dauzan altxorrak zabaldu, itsas hondoko itsaspeko bideoak erakutsiz.
“Konturatu gara atzetik jende asko dagoala hil egin dala eta inor ez dala konturatu, eta esan gendun, hori azaleratu behar dogu. Plazaratzeko hori, ikerketan ipintzen dau marinelen izen-abizen guztiak”, esan deusku Angel Ugarteburu, Urpeko Taldeko kideak. Geugaz egon da Lekeition, Goizeko Izarretan irratsaioaren saio berezian.