
Mundakak arrantzagaz lotutako bere sustrai errotuenak erakutsiko dauz barriro be ‘Itsasotik Mundakara: Hegaluzea’ jardunaldien edizino barrian. Beste behin, Perondo herriko alkarteak itsas kulturari, artisau-arrantzari eta hegaluzeari balioa emoteko jardunaldi esklusiboak antolatu dauz garagarrilaren 28, 29 eta 30ean. Perondo herri alkarteko Mikel Larrozea izan dogu Aupa Bizkaia saioan honen barri emoteko.
EGITARAUA
Barikua 28
Garagarrilaren 28an, barikuan, hasiko da hitzordua, 18:00etan, Iñigo Onaindia AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko espezialistaren atunen markatze prozesuari buruzko hitzaldiagaz. Ordubete geroago, Dorot eta Juan Badiolari alkarrizketea aurkezteko txanda izango da, “Mundakako azken arrantzaleak”. Bi anaiek itsasoak ezkutatzen dauzen sekretu guztiak argituko dabez.
20:00etan lehenengo uztartze-dastaketea egingo da itsasoa eta garagardoa – Boga, Arroyabe, Conservas Cusumano eta Urdaibai Kontserbak – uztartuz. Kanta Kanta Lorue kalejirak herriko kaleak girotuko dauz.
Zapatua 29
Garagarrilaren 29ko jardunaldia 08:00etan hasiko da, Mundakako urak garbitzeko Mundaka Surf Taldeak bultzatutako jarduerarekin. Ekimen honek “itsas sareen eraldaketa eta balorizazioari (11:30)” eta “euskal atunontzien industria ur tropikaletan hedatzeari (12:30)” buruzko hitzaldiei bide emango deutse.
Ekitaldien ondoren, Katius-K Zabal Band taldearen kalejirea (13:00etan) eta Itsasmendi upategiko Garikoitz Rios eta Bingen Mendizabalen dastaketa eta uztarketa izango dira. Arratsaldean, lehenik, iparraldeko hegaluzeen arrantza eta markaketa erakutsiko da (15:00etan) eta harrapatutako hiru pieza handienen zozketea egingo da. 17:30etan zuzeneko musikea izango da eta 19:00etan beste uztartze bat antolatuko da, Alex Duque (Alakrana) eta Rebeca García eta Elsa Pitónen (Vinos singulares) eskutik.
Domekea 30
Amaierea eguna 12:00etan hasiko da, zurrungarekin eta uztarketa dastatzearekin, oraingoan Jurgi Arejitaren (Ondori Botxo) eta Nerea Cuenco Lafuenteren (Sikera ardotegia) eskutik. Amaitzeko, 15:00etan, Lapse dantza eta gorputz adierazpena lantzen dauen talde mundakarrak emonaldia eskainiko dau.