Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 30. urteurrena ospatu dau Bilbon. 1993an martxan jarri zanetik, ekimenak Euskadiko 2.500 gazte baino gehiago eroan ditu Amerika, Afrika eta Asiako herrialdeetako lankidetza-proiektuetara. Urteurrena ospatzeko antolatutako topaketan, programan parte hartu daben hainbat lagun batu dira euren esperientziak, ikaskuntzak eta etorkizunerako proposamenak partekatzeko.
Antolatzaileek azaldu dabenez, programa hau ez da bidaiatzeko aukera hutsa, ezta boluntariotza-esperientzia isolatu bat be; kulturarteko topagunea eta eraldaketa pertsonal zein sozialerako tresna bat da. Parte-hartzaileen artean izan da Itziar Irazabal, gaur egun Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren zuzendaria dana. Halanda be, bere lotura ez da kudeaketara mugatzen: orain dala 31 urte berak be parte hartu eban programan, Ekuadorren egindako egonaldi baten bidez.
30 urteko ibilbidea eta nazinoarteko zabalkundea
Irazabalek azaldu dauenez, ekimenaren sorrerea Koldo Ruiz Eusko Jaurlaritzako teknikari baten ideia izan zan. Urteek aurrera egin ahala, parte-hartzaileen kopurua handituz joan dala gogoratu dau. Programaren bilakaerari buruz berba egiterakoan, gizartearen aldaketetara moldatzeko gaitasuna nabarmendu dau. “Programa honek gauza onik euki badau, gizarteagaz batera aldatzen jakin dauela izan da”, adierazo dau.
Gogorarazo dauenez, lehenengo urteetan gazte askorentzat lehenengo aldia izaten zan hegazkinean sartzen zirana edo atzerrira joaten zirana; gaur egun, ostera, Erasmusak edo beste mugikortasun-esperientzia batzuk ohikoagoak dira. Horregaitik, programak “momentu bakotxean dagozan gazteei egokitzen” jarraitzen dauela azaldu dau. Hasierako urteetan proiektu gehienak Hego Amerikan garatzen baziran be, gero GKEak programara batu ahala jarduera eremuak handituz joan zirela azaldu dau. “Australian izan ezik, kontinente guztietan euki dogu jentea”, azpimarratu dau.
“Nire bizitza aldatu eban esperientzia izan zan”
Programaren funtzionamenduari jagokonez, hiru eragile nagusi dagozala azaldu dau: GKEak, gazteak eta Eusko Jaurlaritza. Hiru alde horreen artean erabagiten dira gazteek egingo dabezan eginkizunak. Horren harira, parte-hartzaileek ez dabela zertan euren lanbideari lotutako zereginik egin behar gogorarazo dau: “Medikua bazara ez zara mediku lanetan joango; ni hezitzailea naz eta gonak josten egon nintzan hiru hilabetez. Zure eskuak eta burua proiektu horretan ipintea da garrantzitsuena.”
Bere kasuan, Ekuadorren bizitako esperientziak eragin zuzena izan eban bere etorkizunean. “Nire bizitza aldatu zan; informatika ikasten nebilen eta bueltan Gizarte Hezkuntza ikasi neban”, gogoratu dau. Horren harira, adierazo dau “gure zilborrera dogun begirada kentzen jaku bueltetan garenean”, eta esperientziak mundua ulertzeko modu barriak zabaltzen dituala. Etorkizunari begira, Irazabal baikor agertu da. Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak programaren aldeko apustua egiten jarraitzen dau, eta erronka nagusia izango da orain arte lez gizartearen behar eta errealidade barriei adi egotea eta horreetara egokitzen jakitea.
