Gaur arratsaldez Durangoko Azokaren inaugurazino ofizalerako ekitaldia egingo dabe eta modu berezian abuztuan hil zan Jon Irazabal gogoratuko dabe. Jon Irazabalen heriotzeagaz Gerediagak, Azokak eta Durangaldeak asko galdu dabela esan dabe Gerediaga Elkartetik.
“Geuk be ez dakigu zenbat dokumentu eukazan Jonek. Aurrekoan bere ordenagailuan sartu nintzan eta harrituta lotu nintzan. Iurretari buruzko pare bat liburu daukaz idatzita, baita Durangoko Azokearen historiari buruzko liburu bat amaitu barik” esan deusku Itziar Irazabalek. Era berean Durangaldeko 50.000 argazki baino gehiago batu ebazala adierazo deusku Jonen arrebeak. Itziar bere Iurretako etxean alkarrizketatu dogu.
Durangoko Azokak, 2025ean, 60 urte beteko dauz eta azkenaldion oso sasoi onean dagoala dinoe aditu askok. “Esan leike Durangoko Azokea eginda egon dala beti, baina Jonek azokan oso urte ilunak pasau ebazan” esan dau Itziarrek. Kulturgintzatik harago memoria historikoan oinarritutako ikerketa ugari egin izan dauz Jon Irazabalek. Aurkikuntzarik handiena, zalantza barik, 1937an Durango italiarrek bonbardau ebela zehaztea izan zan.
“Eskerrak hainbat pertsonari emon behar deutsadaz, asko hurbildu jakuz. Kataluniako egunkari batek be Jon hil zala aitatu eban” kontau deusku Jonen arrebeak, Itziar Irazabalek.