Pabellon 6 aretoan estreinauko da asteon Ixo antzerkia konpainia barriaren “Eros” antzezlana. Arnatz Puertas eta Luix Mitxelena dira antzerki konpainiaren sortzaileak. Dantzertin ikasketak amaitu barri eta Pabellon 6eko Gazte Konpainiatik igaro ostean, euren talde propioa sortzeko beharra ikusi dabe. Alkarreri esaten deutsien “ixo” berbea aukeratu dabe taldeari izena emoteko.
Maskarak eta testu eza
Maskarazko eta testurik gabeko antzezlanak egitea da euren nahia. “Eros” deitzen da lehenengoa. Maitasunaren jainkoa izanik, maitasuna da gai nagusia. Bikote-harreman bati hasierea emoten deutsen istorio horreetariko bat kontetan dabe. Maitasuna zaintzeko bidean agertzen diren beldurren eta zailtasunen inguruan hitz egiten da lan honetan. Arnatz Puertas bera da dramaturgia eta zuzendaritzaren ardurea izan dauana Izar Pizarroren laguntzeagaz. Aktore lanetan bitartean, Nagore Cenizo-Arroyo, Aitor Echarte, Itxaso Gil, Leire Ormazabal eta Luix Mitxelena arituko dira.
Pabellon 6
Javier Tirado arduratu da maskarak sortzeaz. Betitxe Saituarena da bitartean jantzien diseinua. Adrian Garcia de los Ojosek sortu dau musikea, garrantzi handia daukana antzezlanean zehar. Pabellon 6 aretoan izango da estreinaldia maiatzaren 18an. Beste bost emonaldi gehiago eskeiniko dabez bertan maiatzaren 26ra bitartean. Asmoa ondoren, Euskal Herrian zehar eskaintzea litzateke.