"BECen Wind Europe egitea euskal industriaren gaitasunari begirako errekonozimendua da" esan dau J. Ignacio Hormaechek

Wind Europe azokan, BECen, energia eolikoaren sektroreko 500 enpresak parte hartuko dabe

J. Ignacio Hormaeche: “Euskadin parke eolikoetarako baimenak jasoteko prozesuak luzeak eta zailak dira”

Jose Ignacio Hormaeche (Euskadiko Energiaren Klusterra) / Bizkaia Irratia

Haize energiari buruzko Europako azokarik garrantzitsuena egingo da asteon BECen. Wind Europe izeneko topaketan lurreko eta itsasoko haize-erroten fabrikatzaile nagusiak batuko dira. Eguaztenetik barikura bitartean nazinoartean oihartzun handia eukiten dauen azokaren hirugarren aldia izango da Barakaldoko BECen. Guztira 500 enpresa eta 12 mila partaide izango dira. Saltzaile eta bezeroen artean negozioa egiteko ezeze berbaldiak entzuteko erea egongo da. Trantsizino energetikoaren edo energia barriztagarrien sektorean adituak diranek dozenaka berbaldi emongo dabez.

Parke eolikoak

“Wind Europe Barakaldon egitea gure industriaren gaitasunari eta posizinoari begirako errekonozimendua da. Euskadin industria eolikoak 5 mila lanpostu inguru daukaz” azaldu deusku Euskadiko Energia Klusterreko zuzendariak, Jose Ignacio Hormaechek. Gurean parke eoliko gehiago behar dirala esan dau Hormaechek. Une honetan Bizkaian 10 proiektu inguru dagoz aurreikusita eta horreetariko asko administrazinoen baimenen zain. Ganekogortan, Artzentales, Sopuertan, Gordexola, Ontxandio edo Ubidean eregi nahi dira. “Baimenak emoteko prozesuak oso zailak eta luzeak dira, eta gure ustez malguagoak izan beharko litzatekez. Hainbat prozesu martxan dagoz eta garrantzitsua da parke eoliko horreek teknologiarik aurreratuenak izatea” gaineratu dau Euskadiko Energia Kluseterreko buruak.

Iberdrola vs Repsol

Iberdrolak Repsoli lehiakortasun desleialagaitik salaketea ipini deutso. Energiaren arloko erraldoi biren arteko talka handia gertatu da. Iberdrolak dino Repsol hedatzen dabilen irudi berde hori ez dala erreala eta gaur egun petroleo konpainia Espainiako CO2 gas emisinorik gehien isurtzen dauen enpresea dala. “Euskal enpresa ugari bi handi honeentzat lanean dabilz. Repsol eta Iberdrolaren arteko arazo komertzialak dira, estrategia arloko desbardintasunak eta gu ez gara gaztazka horretan sartuko” aitatu dau Hormaechek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular