Turismoaren Erresilientziaren Munduko Eguna ospatzen da gaur, zezeilaren 17an, Nazino Batuen Erakundeak antolatuta. Gaurko egunean turismoak lurraldeen ekonomia garatzeko eta sektore ugaritan onurak eragiteko daukan gaitasuna kontuan hartzea eskatzen da. Dinoe erakunde horretatik turismoak hazkunde ekonomikoagaz zerikusia daben Garapen Jasangarrirako helburuak beteten laguntzen dauala: pobrezia gitxitzea, enplegua sortzea, tokiko kulturea sustatzea, itsas baliabideen erabilera jasangarria egitea, etab. Turismo arloaren erresilientzia nabarmentzen dan egun honetan, geugaz euki dogu Jakes Agirrezabal, Turismo eta Merkataritza sailburuordea.
Euskadin turismoaren gorakadea ikusten gabilz aspaldion, urtetik urtera bisitarien kopuruaren gorakadea egoten da. 2025eko datuek be hori erakusten dabe, eta gainera turistak urte osoan zehar etorten dira: “Urte osoan zehar geroz eta turista gehiago datoz”. Izan be, gure ekonomian gero eta pisu handiagoa dauka turismoak eta enpleguaren %11ak zelako edo halako loturea dauka turismoagaz.
Bestalde, merkadu barrien bila eten barik dabilz. Agirrezabalek esan deuskunez, momentu honetan, urrutitik datozan turisten bila dabilz: “Urrutitik datozan bisitak sustatu gura doguz, bisitariak egun gehiago datozalako eta gastu handia egiten dabelako”. Aurtengo urteak ekarten dauan beste nobedadeetariko bat turismo zergea edo tasa turistikoa da. Euren sailetik positibotzat joten dabe: “Ondo ikusten dogu. Udaletxeek errekurtso gehiago eukiko dabez eskaerei aurre egiteko. Horretarako dago pentsatuta. Ganera, zerga batek ez ditu turistak gitxiagotzen“.
