
Joana Jauregizar EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultadeko psikologia doktorearen eskutik antsiedadearen arazoari erreparatu deutsagu Bizkaia Irratiko Zientzia tartean. Antsiedadea nahasmendu mental ohikoena da momentu honetan. Berez, antsiedadea ez da txarra, baina arazo bihurtu daiteke sintomen bilakaeraren arabera.
Batetik, sintoma fisikoak dagoz: tentsinoa, buruko mina, taupaden bizkortzea, izerdia, nahasmendu digestiboak, presinoa bularrean, etab. Bestetik, sintoma psikologiak aurkitzen dira: pentsamenduei buelta asko emotea, kontzentratzeko arazoak eukitea, suminkor ibiltea, kontrola galtzearen sentsazinoa izatea, etab. Aitatutako sintomak denporan luzatzen eta maiztasunean handitzen diranean agertzen dira arazoak.
Gora egin dau azken urteetan
Antsiedade kasuek gora egin dabe azken urteetan, batez be 15 eta 24 urte bitarteko emakumezkoen artean. Iraganeko datuei erreparatuta, 10 pertsonetatik batek edo bik sufriduten eben antsiedadea; gaur egun, datua altuagoa da. Aditu batzuen arabera, pandemiak eragina euki dau kasuen gorakadean. Edozelan be, osasun mentalak daukan garrantzia geroz eta onartuagoa dagoan gizarte honetan, askok laguntza eskatzen deutsee profesionalei.