Bluesa euskeraz egiten dauan StarBlues taldeak hirugarren diskoa kaleratu dau

StarBlues taldeak 'Bizi berri baten gezurra' diskoa argitaratu dau

Jon Barreros: “Oraingo honetan letrei garrantzia emon deutsiegu”

Bizi berri baten gezurra (Gaztelupeko Hotsak) da StarBlues taldearen azkenengo lana. Starblues Goierrin sortu zan 2010. urtean. Urteetan zehar bandan hainbat aldaketa egon ostean, gaur egun Jon Barreros (gitarra eta ahotsa), Mikel Atxeaga (baxua), Yon Labayen (tekladuak) eta Unai Lopetegi (bateria eta perkusinoak) dira taldekideak. Blues rock talde hau sortu zanetik, bluesa euskeraz sortzea izan da talde gipuzkoarraren helburua. 2013an Amets gaitzko bat lehenengo singlea argitaratu eben. 2016an Gu geu izeneko lehenengo disko luzea emon eben ezagutzera. Hitz gatibuak (2020) izan zan bigarren lana eta hirugarrena, oraintsu kaleratutako Bizi berri baten gezurra (2024). Fredi Pelaezen Beasaingo Pottoko estudioetan grabau dabe.

Bizi berri baten gezurra diskoaren izenburuak gaur egun bizi dogun egoereari egiten deutso erreferentzia. Jon Barreros abeslariak eta gitarrajoleak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, “hirugarren disko honetan partaide barriak, haize berriak, ilusino barriak, indar barriak… dagoz eta hori nabari da. Kolore pilo bat daukaz diskoak. 9 abesti dira eta bakotxa ama desbardin batena dala esan geinke”. Barrerosek azpimarratu deusku, hirugarren disko honetan letrei garrantzia emon deutsiela, “askoz be buru belarri sartu naz konposaketetan hitzak ondo-ondo sartzeko”.

Bizi berri baten gezurra disko barria Ordizian eta Idiazabalen aurkeztu ostean, momentuz, etorkizuneko zuzenekoetarako datak lotzen dabilz. Finkatu ahala sare sozialetan iragarriz joango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00