Urdaibain eregi gura daben Guggenheim museoaren kontra, SEO-Birdlife erakundeak eta Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak sinadura bilketea jarri dabe abian. Salomon R. Guggenheim fundazioari proiektua bertan behera izteko eskatzen deutse. Nazinoarte mailako sinadura bilketea da eta Euskal Herriko mugaz kanpoko sinadurak be jaso nahi dabez. 1.300.000 sinadura batzea da asmoa. Zenbaki hau Bilboko Guggenheim museoak 2023. urtean jaso ebazan bisitari kopurua da.
Joserra Diez Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideak Goizeko Izarretan irratsaioan azaldu dauanez, Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformea orain urtebete pasatxo eratu zan. Ordutik hainbat pauso emon dabez: alkarte lez eratu dira, web orria sortu dabe, hainbat mobilizazino deitu dabez, alegazinoak aurkeztu dabez, eta euskal erakundeei alkarrizketak be eskatu deutsiez. “Eten bako salaketa kanpainea abian jarrita daukagu” azpimarrau dau Diezek. “Ez dogu ikusten inondik ere gauzak horrela egin behar direnik, ezta ere holako proiekturen beharrik” nabarmendu dau Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideak. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun nagusiak Bizkaia Irratian barikuan esandakoari be erantzun deutso Joserra Diezek.