Alba Fabreren margolanak egon dira ikusgai bagiletik

Domekan izango da Zaldibarreko udaletxe plazan

Xerra Espazioak jaia antolatu dau bosgarren erakusketaren amaieran

Xerra Espazioak antolatuta, egun osoko jaia Zaldibarren / Xerra Espazioa

Zaldibarren dagoen Xerra espazioan, asteon amaituko da Alba Fabreren margolanen erakusketea. Domekan egun osoko jaia antolatu dabe. Laida Zapre eta Ane Lusarreta arte kontsumitzaileak dira Zaldibarreko Xerra espazioaren bultzatzaileak. Orain bi-hiru urte sortu eben. Estudioa eta espazioa da Xerra. Bertan, artisten egonaldiak, erakusketak eta jarduera publikoak antolatzen dabez, besteak beste. Artistek Xerran bertan sortu leikiez euren artelanak, edo daukiezanak Zaldibarreko areto horretara egokitu. Sortzaileen arteko saretzeari be emoten deutse garrantzia.

Egun osoko jaia

Domekan, egun osoko jaia izango da Zaldibarreko Udaletxeko plazan, bagiletik ikusgai egon dan Alba Fabreren erakusketeari amaierea emoteko. Las nubes queman/Hodeiek erre egiten dute Bartzelonako artista honen bakarkako lehenengo erakusketea da. Xerra espazioan, Euskal Herritik kanpoko artista baten lehenengo erakusketea be izan da. Emakumearen gorputzaren irudikapena eraiki dauan begirada maskulinoaren ganeko hausnarketa piktorikotzat hartu daiteke Fabreren erakusketa hau. Domekan bere margolanak ikusi ahal izango dira Zaldibarren. Horrez gain, eguerdiko 12etan, Ausentziak: heriotzaren ondoko poemak izeneko errezitaldia eskeiniko da. Mari Luz Esteban eta Oihana Arana arituko dira Danele Sarriugarteren gidaritzapean. Herri bazkaria be izango da. Leire Kindos sukaldariak prestatuko dau. Azkenik, amaitzeko, Hamaika DJa arituko da. Zaldibarreko Xerra espazioan, urrian, Penelope Cerezoren argazki erakusketea zabalduko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00