BIHAR Kongresua egingo dabe Bilbo, Irun eta Hendaian irailaren 23tik 26ra. Urte bi prestaketa lanetan ibili ondoren, Garabide, Plazara, Soziolinguistika Klusterra eta Taupa euskaltzaleen mugimendua BIHAR Kongresuagaz datoz. Antolatzaileek hizkuntza komunidade gitxituen bizibarritzeari buruzko nazinoarteko eztabaida ekarriko dabe Euskal Herrira, Jasone Mendizabal Taupa euskaltzaleen mugimenduko koordinatzaile orokorrak azaldu deuskunez.
Kongresuan ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur eta arte adierazpena buztartuko dira. Nazinoarteko hainbat aditu, eragile eta artista bilduko dira 45 bat hizkuntza-komunidade inguru ordezkatuz. Esan dogunez, bihar emongo jako hasierea kongresuari Bilbon, Euskaduna Jauregian. Irailaren 24an eta 25ean, Irunen, Ficoban, izango da egitarauaren muina, eta Hendaian be izango dira kultur ekitaldiak, Borderline Fabrikan. Azkenik, irailaren 26an, kongresuaren itxiera eta adierazpenaren sozializazinoa egingo dira.
Kongresutik harago
Antolatzaileen helburua da BIHAR inflexino-puntu eta abiapuntu izatea, hizkuntzen bizibarritzearen inguruko diskurtsoak barritzeko eta munduko komunidadeen arteko alkarlana sendotzeko. Kongresua ez da ekitaldi isolatu bat izango, azken urte bietan garatutako nazinoarteko prozesu parte-hartzaile baten emaitza eta hurrengo urratsa baizik. Egitasmoa hiru fasetan egituratu da. Lehenengoan, nazinoarteko diagnostikoa landu zan. Bigarren fasean, diagnostiko hori Euskal Herrian sozializatu da. Orain, prozesuak bere hirugarren faseari helduko deutso: BIHAR Kongresua.
Mintzapraktika sarean
Bestalde, Taupa euskaltzaleen mugimenduak marka barriagaz eta Eman aukera elkarri lelopean zabaldu dau aurtengo Mintzapraktika egitasmoko izen-emote epea bere bazkide diran zenbait alkarte eta udaletan, eta sarean egiteko aukerea da aurtengo barrikuntza nagusia. Euskal Herriko 80 herri ingurutan dago mintzapraktika aurrez aurre egiteko aukerea. Taupak jakinarazo dauanez, mintzapraktikak, funtsean, euskera taldean eta aisialdian praktikatzea nahi daben pertsonak biltzen ditu. Egitasmoan parte hartzeko, gitxienez, euskera ondo menderatzen dauan pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi dauan lagun talde bat alkartuko da, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunagaz alkarrizketan aritzeko.
