35 emonaldi eta 20 konpainiren lanak

Abian da Bilbon 45. Nazinoarteko Txotxongilo jaialdia

Josu Kamara: “Jentearen erantzuna oso ona izaten ari da”

'Títere y ritual: Museo Ambulante de las culturas' erakusketea Txotena gunean bisitau daiteke / Bilbao TX Fest

Bilboko Nazinoarteko 45. Txotxongilo jaialdia martxan da. Zemendiaren 14an hasi zan, eta domekara arte, hilaren 22ra arte, luzatuko da. Euskal Herriko, estaduko eta nazinoarteko konpainien ikuskizunak eskaintzen dabilz Bilbon eta Bizkaiko hainbat herritan —Areatza, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Deio, Larrabetzu, Lezama, Muskiz eta Ea—. Jaialdiaren helburu nagusienetako bat da txotxongiloen mundua Bilbotik harago zabaltzea. Josu Kamara antolakuntzako kideak azaldu dauanez, publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da, bai eskola emonaldietan, bai publiko orokorrari zuzendutako saioetan.

Txotxongiloen eta objektuen antzerkiak, arte eszenikoen barruan, gero eta leku handiagoa daukala uste dau Kamarak. Gaur egun, objektuen presentzia, sinbolismoa eta manipulazinoa gero eta nabarmenagoak dira antzezlan askotan. Tekniken aldetik be, garapen handia izan dau arloak. Txotxongilo klasikoak mantentzen dira, baina beste diziplina batzuekaz nahasten dira gero eta gehiago. Profesionalen jatorria be aldatu egin da. Lehen, familia tradizinotik etorritako konpainiak ugariagoak ziran. Gaur egun, barriz, arte dramatikoa edo beste diziplina batzuk ikasitako profesionalak be hurreratzen dira txotxongiloen mundura, euren dramaturgiak eta adierazpidean garatzeko.

Josu Kamara antolatzaileak 45. edizinoko hainbat proposamen nabarmendu dauz. Hungariatik etorritako Bence Sarkadiren lana aitatu dau, batez be, txotxongiloen manipulazinoagatik eta mugimenduen zehaztasunagaitik. Era berean, Pouët konpainiaren ikuskizun be azpimarratu dau, publikoari gozotasuna transmititzeko daukan gaitasunagaitik. Jaialdiaren azken egueri begira, La Fundación aretoan programautako ikuskizunei erreparatzeko gomendatu deusku. Egitarau osoa eta emonaldien ordutegiak bilbaotxfest.org atarian kontsultau daitekez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00