Konektatuta, baina benetan elkarrekin? Bakardadea, sare sozialak eta adimen artifiziala hitzaldia eskaini eban Juan Manuel Machimbarrenak azaroaren 10ean Iurretan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Iurretako Udalak antolatuta. Machimbarrena psikologian doktorea da eta, gaur egun, EHUko Psikologia Fakultadean klaseak emoten ditu. Hain zuzen be, beragaz berba egiteko aukerea euki dogu gaur.
Nerabeek ingurune digitalean daukezan arriskuak ikertzen ditu Machimbarrenak, esaterako ziberjazarpena, indarkeria digitala bikote-harremanetan eta teknologiaren erabilera problematikoa. Hitzaldian bakardadeak geure bizitzan daukan zeregina eta osasunean nahiz ongizatean daukan eragina jorratu dau. Inoiz baino konektauago bizi gara, baina benetan hurbilago al gagoz alkarrengandik? Hainbat ikerketek sare sozialen gehiegizko erabileraren eta personen arteko harremanak ezarteko zailtasunen arteko lotura aurkitu dabe. Hori dala eta, giza harremanak zelan ari diran aldatzen aztertu dau Machimbarrenak.
