
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, larrituta dago uriak segurtasun arloan bizi dauan egoeragaitik, Goizeko Izarretan irratsaioan esan deuskunez. Aspaldion segurtasunaren gaia pil-pilean egon da urian. Azken aldian be izan dira gertaera larriak, Soloetxeko hilketea bezalakoak: “Segurtasunari eustea da geure erronka nagusia, arduratuta gagoz”. Ganera, alkateak epaileei deia egin deutse, atxilotuak zigortzeko asmoz.
Etxebizitzaren arazoaren ganean be egin dogu berba alkateagaz. Tenkatutako gune izan arren, alkateak uste dau Bilbok denpora beharko dauala etxebizitzaren arazoa konpontzeko, ez dalako egun batetik bestera konpondu ahal dan kontua. Horren harira, pare bat eraikinetik bulego eta negozinoek urten beharko dabela be jakin dogu aste eta egunotan. Batetik, General Conchan, luxuzko etxebizitzak egiteko. Bestetik, Mazarredon, hotel bat egiteko. Honek tokiko negozioei kalte egiten deutsela autortu dau Aburto alkateak.
Adinekoen Nazinoarteko Eguna
Urriaren 1ean Adinekoen Nazinoarteko Eguna ospatzen da. Horren harira, Bilboko Udalak hainbat ekimen antolatzen ditu, urtez urte urian bizi diran 60 urtetik gorako 116.000 pertsonei omenaldia egiteko. Beraz, ohiko harrerea egingo jake adinekoen alkarteei eguerdian. Ostean, ‘Bilbo, adineko pertsonen lagun’ galaren edizino barria ospatuko da. Aburtok uriak irisgarritasunaren esparruan bizitako hobekuntzak txalotu ditu eta Bilbo nagusiekiko uri adiskidea dalakoan dagoala esan deusku.