Julen Larrinaga albaitariak azaldu deuskuz animalia hausnarkariei eragiten deutsen gaixotasun honen ingurukoak

Orain aste batzuk mihin urdinaren kasu positibo bi atzeman dabez Iurretako ustiategi baten

Julen Larrinaga: “Oin momentuan Bizkaia guztian dago zabalduta, bai ardietan bai behietan”

Mihin urdinaren gaixotasunak barriro jo dau Bizkaia. Ekainaren amaieran, Iurretako ustiategi baten, lehenengo brotea baieztatu da, 2024ko zemendian Abanto-Zierbenan kasu bi detektau ostean. Mihin urdinaren gaixotasunak animalia hausnarkariei eragiten deutse, eltxoen bitartez trasmitiduten da eta Europan dozenaka serotipo zabaldu dira dagoeneko. Birusaren aldaera bakotxaren kontra, txerto zehatz bat behar da eta horrek txertaketa-prozesua konplexu bihurtzen dau.

Julen Larrinaga albaitariak azaldu dauanez, makaltasuna, mokoko eta mukosetako hantura eta arnasa hartzeko zailtasunak dira sintoma ohikoenak, eta kasu larrienetan, heriotza. Ardiei eragiten deutse gehienbat. Gaixotasunak galera ekonomiko handiak ekarri leikez lehen sektorean: hilkortasun-tasa altuak, hazkuntza eta ugalketa arazoak, abortuak eta artaldeko ekoizpenaren beherakadea.

Larrinagak Bizkaia Irratian ohartarazo dauanez, txertaketa da prebentzino-neurririk eraginkorrena. 2008ko eta 2020ko broteetan txertaketak emaitzak onak emon ebazala gaineratu dau. Gizarteari zuzendutako mezuan argi itxi dau, gaixotasunak ez daukala inolango arriskurik gizakientzat, ezta kutsatutako animalien haragia kontsumitzeagaitik be. Amaitzeko, Julen Larrinagak adierazo dau mihin urdinaren zabalkundea lotuta egon daitekela animalien salerosketagaz, klima-aldaketagaz eta eltxoen desplazamenduagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00