Kanariar Irletan eta Euskal Herrian egingo da aurten Urmugaren Urtanta, musikea eta mendia buztartzen dauazan ekimena. Maiatzaren 24tik bagilaren 1era bitartean egingo da Urtanta Kanariar Irletan eta garagarrilaren 17tik 25era Euskal Herrian. Aurtengoa, zazpigarren edizinoa da. Kanariar Irletan esan behar, antzeko ekimena antolatzen dabela, Contramapas izenekoa. Miguel Zeberiok azaldu deuskunez eurak izan ziran Urmugako kideakaz harremanetan jarri zirenak. Alkarlan aberasgarria izan dala esan deusku. Aurtengo Urtanta ekimenean, herrialde bietan gertatzen dan gai bat izango da ardatz; bizitza galtzen daben migranteen memoria.
Egitaraua
Kanariar Irletan, La Palma uhartea zeharkatuko dau espedizinoak eta Hierron amaituko da. Benabas talde senegaldarra, Arife taldea, Rogelio Botanz, Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus Orkestra arituko dira bertan besteak beste. Euskal musikea be eskeiniko da. Euskal Herrian Bidasoa inguruan hasiko dira garagarrilean. Ibardingo Lepoa eta Manttale artean joango da lehenengo eguna, Urruña eta Bera artean. Bigarrena izango da berezia, Bidasoa ibaiaren jeitsierea egin ahal izango dalako Santiagotarrak Arraun Alkarteak antolatuta. Amets Arzallus izango da bertan gidari. Lesaka eta Oiartzun artean joango da hurrengo eguna, Janus Lesterren emonaldiagaz besteak beste. Araban eta Bizkaian zehar jarraituko dau ibilbideak. Artomaña eta Delikan lehenengo Jaurlaritzaren 90. Urteurrena gogoratzeko musika emonaldi berezia izango da. Bizkaian, bitartean, Urduña aukeratu dabe garagarrilaren 25erako. Antiguako Santutegiko lorategian eskeiniko da kontzertua. Kepa Junkera izango da ohorezko gonbidadua bertan. Erromerien historia eskeiniko da erromeria baten bitartez. Uxue Kerejeta, Gorka Hermosa eta herriko dantzari eta musikariak arituko dira Et Incarnatus Orkestreagaz batera. Zuberoa eta Nafarroa arteko ibilbidea egiteko asmoa daukiela be esan deusku Migel Zeberiok baina oraindino ez dabe honakoa argitaratu web orrian. Kontzertuetarako sarrerak bagilaren hasieran jarriko dabez salgai bertan. Zeharkaldian zehar, natur guneekiko oreka eta jasangarritasun erizpideak zaintzeko deia egin dabe aurten be. Mendi Solidarioak taldearen eskutik bestalde, irisgarritasun mugatua daukien pertsonen partaidetzea bermatuko da.
