Euri faltak eta bero handiak egoera gatxa eragin dabe Bizkaiko abeltzaintzan. Larreak sikatuta dagoz hainbat lekutan, eta ganaduari negurako gordetako bazka emoten hasi behar izan dira. Karlos Ibarrondo ENBA sindikatuko kideak nabarmendu dau aurtengoa ezohiko egoerea dala. Arazoa ez da bazka falta bakarrik. Mendiko iturri batzuetan ura urritzen hasi da, eta horrek ganadua bertan mantenidutea zaildu dau. Leku batzutan ura mendira eroaten hasi dira, eta beste aukera bat animaliak ohikoa baino lehenago jaistea da. Ibarrondoren esanetan, egoereak gastuak eta lana handitu dauz abeltzainentzat.
Egoereari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak eta sektoreko ordezkariek Bazka Mahaia martxan ipini dabe. Ustiategiek zenbat bazka behar daben aztertzea da lehenengo pausua, eta Araban bazka produzidu eta Bizkaiko abeltzainei bideratzeko aukerea be lantzen dabilz. Ibarrondok nekazari eta abeltzainen arteko hartu-emon zuzenak sendotzearen garrantzia be azpimarratu dau, etorkizunean antzeko egoerei aurre egiteko.
Beroak ganaduaren ugalketan be ondorioak izan leikez. Ibarrondok azaldu dauenez, uda sasoian egiten dira hainbat ernalketa, eta 40 gradu inguruko tenperaturek prozesu horretan eragina daukie. Horren ondorioak aurrerago igarri leitekez, ganadutegietako ugalketan.
