
Karmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamenak emon dauz gaur goizean Eleizbarrutiak Bilbon. 2015. urtetik emoten dauz sari honeek Bilboko Eleizbarrutiak. Karmelo Etxenagusiaren izena daroe, Bilboko gotzain laguntzaileak egindako lana aitortzeko bide batez. Kultur Erakundeen Mahaiak erabagitzen dau urtero nori emon saria. Aurten, ekitaldi berezia izan da, batetik Eleizbarrutiaren sorreraren 75 urte betetan diralako eta bestetik, aitamen honeen hamar urte betetan direlako.
Euskerearen alde egindako lana aitortu da
‘Euskal Baliabideak taldea’ da aurten sarituetariko bat. Liturgiarako lagungarrien itzulpenaz arduratu dan taldea. Andoni Gerrikaetxebarria, Lontzo Zugazaga, Juanito Gallastegi, Jose Luis Iza eta Jose Mari Rementeriak osotzen dabe taldea. Rementeriak hil osteko aitamena jaso dau. Inmaculada Gallastegi eta Juan Mari Iraolagoitiak, euskerazko komunikazinoan egindako ekarpenagatik be saritu dabez. Juan Mariren kasuan be, hil osteko saria dala gogoratu behar. Azkenik, Antonio Linaza abadearen lana be aitortu da, liturgiako musikaren eta telebista publikoaren bidez domeketako mezen emonaldien sustapenean egindako ekarpenagatik. Gaspar Martinez Elizbarrutiko kultura arloko arduradunak esan dauanez, euskerearen alde egindako lana aitortu gura izan dabe. Inma Gallastegi pozik eta eskertuta azaldu da, batetik, jaso dauan aitortzagatik eta bestetik, triste, Juan Mari falta izan dalako. Gonbidatuen artean, Andres Urrutia Euskaltzainburua egon da saioan. Esan dauanez, izugarria da saritutakoek egindako lana.