Pedro Zenigaonaindiagaz Mendexako hondartzari eta zerbitzuei buruz berbaz

Itsasgoran zein itsasbeheran 2.500 eta 4.000 pertsona artean batzen dirala esan deusku Mendexako alkateak

“Karraspioko hondartzara gero eta jende gehiago dator, udako balantzea oso ona”

Ikasturte barriko “Herriz Herri” tartea Mendexan hasi dogu, Bizkaiko kostaldeak daukan harribitxietariko baten, Karraspion. Kantauri itsasoak musukatzen dauen areatza honek 465 metroko luzerea eta 30 metroko zabalerea dauka. Pedro Zenigaonaindiak, Mendexako alkateak, azaldu deuskunez, udako denporaldiak lagatako datuakaz oso pozik dagoz. Urterik urte Karraspiora gerturatzen diranen kopurua haziz doala zehaztu dau. Gehienak Lekeitio, Durango, Eibar edo Zornotzatik doazen arren aurton nazinoarteko turista ugari antzemon dabez, Holanda edo Frantziatik etorritakoak batez be. “Mendexako seinalerik handiena Karraspio da” azaldu dau Zenigaonaindiak.

Karraspion 150 autorentzako aparkaleku bat eregiteko proiektuak etenda jarraitzen dau. BFAko Ingurumen saileko teknikariek ez dabe horretarako modurik ikusten ingurunea babestuta dagoalako. Bestalde Lekeitio eta Karraspio lotzeko autobus zerbitzuaren aukerea mahaiaren gainean dago baina udalerri bietako alkateak ez dira finantziazinoan ados jarten.

Mendexako alkateagaz medikuaren zerbitzuak herrian izandako gorabeherez eta udalerriko beste zerbitzu batzuei buruz berba egin dogu luze eta zabal.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00