Marte Lasarte taldeak erakarten zaituen energiatik soinu zuzena eta intentsoa lortzen dau. Zuzenekoetan indar hori biderkatuz. Zemendian estudioko bigarren lana kaleratu dau taldeak: Kea, Argiak eta Kontraesanak. Garai lainotsuei begiratzeko eta hausnartzeko konbidapena da, biolentzia difuminadua, nostalgia eta bere kontrako indarrak, itxaropenerako zirrikituak eta kontraesanak ardatz hartuta.
Diskoa bidaia baten hasierak eragiten dauan intentsidadeagaz hasten da, Kea eta isiltasuna abestiagaz, baina bidaia hau geure auzotik egin ahal dogun bidaia bat izan leike. Ibilbide guztietan lez gora beherak biziko doguz, ikuspuntu kolektibotik norbanakora eta bueltako bidaia honetan. Amaitzeko etxera hurreratzeak daukan lasaitasun urduri hori sentiduko dogu. Beno, hori da dana hitzetan adierazoteko beharraren ondorioz nik egin dodan irakurketea. Pello Armendariz eta Borja Anton geure estudioan izan dira, eta hobeto azaldu deuskue zelako diskoa dan hiruron artean egin dogun solasaldi honetan.
