Ajangizko egoera orokorra aztertu dogu Koldo Carbonell alkateagaz

Urdaibaiko udalerri batzuk, tartean Ajangiz, gaur egungo garraio zerbitzua aztertzeko lanetan dabilz Bizkaiko Foru Aldundiagaz

Koldo Carbonell: “Garraio zerbitzuan badago behar handi bat Ajangizetik Gernikara joateko”

Herriz Herri saioan Ajangizen egon gara asteon, Kultur Etxean. Jaietan bete-betean morgilduta harrapau doguz ajangiztarrak. Maiatzaren 5ean hasita, San Asentzioak eta San Isidroak ospatzen dabilz Ajangizen. Maiatzaren 26an egingo dan XV. Mugari Bira martxeagaz emongo deutse amaierea aurtengo jaiei. Jaiei buruz berbetan hasi gara Koldo Carbonell alkateagaz. Tradizino bihurtu diran ekintzak eta nobedadeak buztartzen dabezan jaiak dirala azpimarratu deusku herriko agintari nagusiak. Hortaz ganera, udalerriaren egoera orokorra be aztertu dogu beragaz.

Ajangizko Udalak 810.000 euroko aurrekontua dauka aurtengo. Udaletxeko teilatua erabarritzea, Urruti baserria udal eraikina egokitu, eta klima aldaketeari aurre egiteko ekintza batzuk izango dira 2024ko proiektu nagusiak. Energia arloan, eguzki plakak jarriko dabez udaletxeko teilatu barria egiten dabenean eta hortik lortutako energia udal eraikinak hornitzeko erabiliko dabela zehaztu deusku. Ajangizen, ganera, energia komunidade bat sortzeko pausoak emoten dabilzala be aitatu deusku Koldo Carbonellek. Udalaren helburua “komunidade energetiko horrekin energia barriztagarrien sorkuntzan eta kudeaketan jentea trebatzea” dala azaldu deusku.

Garraio zerbitzuaz be egin dogu berba. Urdaibako eskumaldeko udalerriak (Ajangiz, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Ea, Ereño, Elantxobe, Ibarrangelu, Mendata, Nabarniz, Sukarrieta eta Kortezubi) gaur egungo Bizkaibus zerbitzua aztertzeko lanetan dabilz Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio sailagaz batera. Carbonellen esanetan, linea desbardinak dira, arazo desbardinak dira. “Hemen badago behar handi bat Gernikara joateko, taxi partikularrakaz ibilten dira” esan deusku Ajangizko alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular