Koloneko minbizia inzidentzia handieneko tumorea da. Euskadin iaz, 2.181 kasu barri diagnostikau ziran; horreetatik 1.156 Bizkaian. Minbiziaren Behatokiak emondako datua da. Ezinbestekoa da koloneko minbiziaren arrisku faktoreen gaineko ezagutza areagotzea. Gorozkien odoljarioa da sintomarik ohikoena. Gaur, Koloneko Minbiziaren aurkako Munduko eguna danez, “Altxa Ipurdia” kanpaina prestatu dabe. Kanpaineak herritarrak gonbidatu dauz bizi ohitura osasungarriak hartu eta baheketa probetan parte hartzen jarraitzera, koloneko minbizia prebenitzeko. Gainera, Naiara Gutiez ikerlariak, egin dauen ikerketari buruzko hitzaldi bat eman dau gaur goizean Bilbon. Goizeko Izarretan, Jose Miguel Mera, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Presidentearekin berba egin dogu.
OSAKIDETZA
Osakidetzak berretsi egin dau gaixotasun horren prebentzinoaren eta diagnostiko goiztarraren garrantzia, eta nabarmendu dau koloneko minbizia goiz detektatzeko Euskal Osasun Zerbitzuaren programak aukera emoten dauela hasierako estadioetan tumoreen % 70 detektatzeko. Koloneko minbizia izateko arriskua handitu egiten da adinean aurrera egin ahala, eta urtero detektatzen diran kasuen kopurua ia bikotxa da gizonen eta emakumeen artean. Bizi-ohiturek, halan zelan tabakoak, haragi gorriaren kontsumoak, haragi prozesaduaren kontsumoak, alkoholak edo sedentarismoak, handitu egiten dabe garatzeko probabilidadea. Aitzitik, barazki eta fruta ugariko elikadura, ariketa fisikoa edo larregizko pisua saihestea faktore babesleak dira.