La Noche antzezlanaren estreinaldia izango da gaur Bilboko Pabellon 6 aretoan. Antzerki Laborategiaren azken ekoizpen propioa da honakoa. Juana Lor eta Emilio Encaboren artean sortu da. Aspaldiko lagunak dira biak eta euren lankidetza artistikoa orain 20 urte hasi zan Gaitzerdi konpainian. Juanak lehenengoz zuzentzen dau Emilioren testu dramaturgiko bat. La Noche, izen hori daukan taberna baten, gau baten gertatzen da. Tabernaren kanpoaldean zein barrualdean gertatzen diranak kontetan dira. Kamara bat be erabiltzen da eta horrek antzezlan hau, berezi egiten dauala esan deusku Alazne Astorga aktoreak. Ez da antzezlan tradizional bat bere esanetan.
Istorioa
Alaznegaz batera, Pabellon 6ko Gazte Konpainiaren lanetan parte hartu daben Sara Barroeta, Ioritz Benito, Leire Ormazabal, Sandra Ortueta eta Sofia Zallio aktoreak agertzen dira antzezlanean. Bakotxak 2 edo 3 pertsonai daukaz. Astorga, esate baterako, tabernaren ugazaba, DJ-a eta bakarrik geratzen dan neska bat da. Tabernara era batera sartuko dira pertsonaiak, eta beste era batera urtengo dabe bertatik. Aipatu behar, Dantzerti eskolan praktiketan dagozan 10 ikaslek be hartzen dabela parte La Noche antzezlanean. Dantzalekuan jente gehiago egon behar zala ikusita, gonbitea egin eutsen eta gustora ari dira eurekaz. Betitxe Saitua eta Quique Gago arduratu dira eszenografiaz eta Saitua jantzietaz. La Noche Pabellon 6 aretoan eskeiniko da gaurtik maiatzaren 31ra bitartean, bariku-zapatu-domekatan. Hurreratzen diranei gonbitea egin deutsie ausartak izan eta jantzi aproposakaz joateko antzokira. La Noche izeneko disko-tabernan jente guztia ederra dala dinoe.
