Laga baketan Laga herri-plataformak alkarretaratzea egin eban pasa dan zapatuan Lagako hondartzan bertan, Espainiako Gobernuaren Costas-en Zuzendaritza Nagusiaren duna-berroneratze proiektuaren eta obren aurka protesta egiteko. Eder Corles Laga baketan Laga herri-plataformako kideak euren salaketea zertan datzan azaldu deusku.
Laburbilduz, obra horren bidez duna artifizial bat eregi gura da egungo aparkalekuaren 4.000 m²-en gainean, lurra egokitu ondoren, makina astunekaz, hondartzako area hartuz eta beste aparkaleku bat eregitera behartuz, Lagako begiratokien ondoren, Laidarako norabidean, dagoan baso-eremua hautsiz.
Egindako eskakizunen artean, euskal erakundeen esku-hartzea dago. Inplikatutako euskal erakundeek eta Espainiako Costas-ek proiektua publiko egitea eta proiektuaren arrazoiak, etorkizuneko asmoak, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-inpaktua azaltzea gura dabe. Ganera, esan dogun moduan, euren intentzinoa da euskal erakundeek esku har dezatela proiektu hori geldiarazteko, dagozan gabeziengaitik. Bitartean, alkarretaratze gehiago egingo dabez hurrengo hilabeteetan. Litekeena da hurrengoa maiatzaren 31n izatea.
