Lau urte bete dira gaur Errusiak Ukrainan inbasinoa hasi ebala, eta gerraren ondorioak batik bat gogorrak dira haurrentzat. Nazino Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak, Unicefek ohartarazi dauanez, Ukrainako haurren herenak baino gehiagok —2.589.900 haur— lekuz aldatuta jarraitzen dau. Horreetatik 791.000 ume baino gehiago herrialde barruan dagoz, eta ia 1,8 milioi errefuxiatu lez bizi dira Ukrainatik kanpo. Haur askok, ganera, etxea itxi behar izan dabe behin baino gehiagotan. 15 eta 19 urte bitarteko nerabeen heren batek, gitxienez, bi biderrez aldatu behar izan dau bizilekua. Segurtasuna izan da etxea izteko arrazoi aipatuena.
Ainhoa Lejonagoitia Unicef Euskadi Batzordeko komunikazino arduradunak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, “Ukrainako haurren bizitza betiko aldatu zan egun batetik bestera”. Gerrak 3.200 haur baino gehiago hil edo zauritu dauz 2022ko zezeilaz geroztik, eta azken urtean haurren biktimen kopurua %10 igo dala nabarmendu dau Lejonagoitiak.
Hezkuntza eta osasuna, kolokan
Haurtzaroari eskainitako zerbitzuak hondatuta geratu dira azken lau urteetan. 1.700 eskola eta hezkuntza-instalazino kaltetu edo suntsitu dira, eta ondorioz, haur askok ezin dabe aurrez aurreko eskoletara joan. “Hezkuntzak etorkizunerako tresnak emoten dauz; hori kentzen badeutsazu, itxaropena bera be arriskuan jartzen dozu”, adierazo dau Unicef Euskadi Batzordeko komunikazino arduradunak. Unicefek online ikaskuntza-plataformak jarri dauz martxan eta ehunka ikaslerengana iritsi da. Irakasle eta ikasleentzako errekuperazino-programak sustatu dauz. Halanda be, Lejonagoitiak ohartarazi dau presentzialtasun ezak eta isolamenduak arrisku handiagoa dakarrela bai ikasketak eteteko bai osasun mentalerako.
Osasun arloan be egoera larria da. Hainbat osasun-zentro kaltetu dabez, eta neguko baldintza gogorrek arrisku berezia sortzen dabe haurrengan. Arrisku fisikoez gain, ondorio emozionalak gero eta agerikoak dira. Unicefen arabera, nerabeen lautik batek itxaropena galdu dau etorkizunean, eta estres eta antsiedade mailek nabarmen egin dabe gora. Gerrak ez dauala bakarrik azpiegiturak suntsitzen, umeen harreman-sarea, segurtasun sentsazinoa eta etorkizunarekiko konfiantza be apurtzen dauzala azaldu dau Lejonagoitiak. Halanda be, “belaunaldi galdu” bati buruz berba egitea saihestu dau Lejonagoitiak, eta itxaropenerako tartea badagoala azpimarratu dau, baldin eta haurren aldeko zerbitzuetan inbertsinoa eta babesa indartzen badira.
Unicefek nazinoarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko deia egin dau, eta gogorarazo dau ume guztiek segurtasunez hazteko eskubidea daukiela. Era berean, alkartasunerako eta laguntzarako deia egin deutse herritarrei, Ukrainako haurrei babesa eta etorkizunerako aukerak bermatzeko.
