Leandro Azkue Mujika, Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuikultura zuzendariagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Kresala tartean. Gai ugari jorratu doguz beragaz, tartean, arrantza sektoreak daukazan arazoak. Nagusienetako bat, patroi eta makinisten eskasia da. Izan be, armadoreek gero eta arazo handiagoak daukiez teknikoak topetako ontziak itsasoratu ahal izateko. Arazo horri konponbidea emoteko asmoagaz, Jaurlaritzak ekimen batzuk jarri ditu martxan gazteak arrantza sektorera erakartzeko.
Europako Batasunak Frantziako uretan ezarri dauen hilabeteko debekualdiaren ganean be egin dogu berba arrantza eta akuikultura zuzendariagaz. Hegaluzearen arrantzaldia amaitzear dago eta euskal portuek igaz baino arrain gitxiago jaso badabe be, arrainaren prezioak gorakadea euki dau. Akuikultura arloan, Jaurlaritzak proiektu bat ipini dau martxan AZTI institutuaren bitartez, hegalaburrak hazteko Getariako portutik bost itsas milara egon diran kaiola batzutan. Negu honetan ikusiko dabe zelan moldatzen diran kaiolok Kantauriko denporaleen aurrean.