Olaia Inziarte nafarrak 'Lehengo lepotikan burua' diskoa argitaratu dau

Bakarlari moduan kaleratzen dauan lehenengo diskoa da

‘Lehengo lepotikan burua’, Olaia Inziarteren debuteko diskoa

'Lehengo lepotikan burua' diskoaren irudia / Olaia Inziarte

Denpora luzean proiektu desbardinetan ibili da Olaia Inziarte (Oronoz, 1999), besteak beste, Joseba Tapiagaz, Iker Laurobagaz edota Chica Sobresaltogaz. Inziartek esan deuskunez, beti gura izan dau disko bat egin, baina orain arte ez zan seguru sentiduten. 2022an, baina, horretan hasi zan buru belarri, ia nahi barik baina disko bat konposatu eban. “Kontextu osoa emon zan, egoera eta momentu aproposa zan grabatzeko”, gaineratu dau musikari nafarrak.

Lehengo burua lepotikan diskoa bakarka egiten dauan lehenengo lana da, autoekoiztua eta izaten dabilen harreragaz harritua bezain pozik dagoala esan deusku Olaia Inziartek.

Pop doinuan tradizionaltasunaren eta barritasunaren arteko zubiak eregi dauz disko honetan. Bere amamari entzundako esaldi hori da diskoaren izenburuaren abiapuntua, eta baita diskoko kantu batena be. Gazteak azaldu deuskunez, “amatxik esaldia esan eustan momentuan pentsau neban kantu batentzat izen ona zala, eta gero lana eraikitzen nenbilela, diskoak kontzeptu hori lantzen ebala pentsau neban. Amatxiri be keinu hori egin gura neutsan eta bide batez nere jatorriari”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular