Astelehenean abiatu ziran Ukrainatik Euskal Herriko harrera-familiakaz uda pasatzera etorri diran 92 ume eta gazteak, Chernobil alkarteak sustatutako programearen barruan. Bidaia osoa autobusez egin dabe, Ukrainako iparraldetik urten, Polonia zeharkatu eta Euskal Herrira iritsi arte. Atzo heldu ziran, eta hile bi igaroko dabez gurean. Chernobil alkartearen harrera-programak, aurten, 2026an, 30 urte betetzen dauz.
Lide Alvarez Chernobil alkarteko kideak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, iritsiera oso hunkigarria izaten da urtero, familiak eta umeak barriro alkartzen diralako. Harrera-programak 30 urte bete badauz be, alkartetik gogorarazo dabe beharra ez dala desagertu. Txernobyleko zentral nuklearraren istripua gertatu zala 40 urte igaro diran arren, kutsadureak hondino eragina dauka inguruan eta Ukrainako gerrak egoerea are gehiago okertu dau. Gerra dala eta, umeak urduriago dagozala igartzen dabela esan deusku Alvarezek.
Aurtengo harrera-programan 92 umek eta gaztek parte hartzen dabe. Horretatik, 15, lehenengoz etorri dira. Bizkaian 32 ume egongo dira. Alkarteak eskerrak emon deutsez urtez urte euren etxeetako ateak zabaltzen dabezan harrera familiei, euren konpromisoari esker ume askok etorkizun desbardin bat izateko aukerea daukielako. Lide Alvarezek boluntarioen lana be azpimarratu dau. Euren egitekoa ezinbestekoa da harrera prestatzen, familiei laguntzen eta uda osoan programa koordinatzen. Horrezaz gain, boluntarioek aisialdi eta bizikidetza jarduerak antolatzen dabez udan, Ukrainatik etorritako umeek eta harrera-familiek esperientziak partekatu, loturak sendotu eta alkarren arteko laguntza-sarea indartu dagien. Aurtengo jardueren artean, urteerak, ibilaldiak eta topaketak egingo dabez.
