Datorren astelehenean, irailak 23, Los Williams dokumentalaren aurrestreinaldia egingo da Bilboko BBK Sala-n. Bertan Athletic Clubeko jokalari biak, Iñaki eta Nico Williams, izango dira, besteak beste, Xabier Sagredo BBK-ko presidenteagaz eta Raúl de la Fuente zuzendariagaz batera. Aurretik, gaur, irailak 20, Donostiako 72. Zinemaldiaren barruan eskainiko da, Zinemira euskal zinemaren atalean.
Los Williams dokumentalak Iñaki eta Nico Williamsen istorioa kontetan dau. Jokalari zurigorrien kirol ibilbideaz gain, Raúl de la Fuenteren filmak sustraiekiko loturea aztertzen dau, eta familia, itxaropena, arrazakeria edota migrazinoa moduko gaiak jorratzen dauz. Amaia Remírez Kanaki Films-eko ekoizlea Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, bi urtez jarraitu dabez Williamsen bizitzak, 2022ko Qatarreko Munduko Txapelketan hasi eta 2024ko Eurokopea amaitu bitartean. Eta jarraipen horretan, Williams-en familien istorioa txertatu dabe, zelan iritsi ziran Ghanatik, anai biak zelan hasi ziran futbolean… “Pelikulea Ghanako Volta lakuan hasten da, ume batzuk kanoaz lakua gurutzatzen, eta ia-ia amaituten da Bilboko errekan gabarra ospatzen”.
Kanaki Films eta En Cero Coma ekoiztetxearen eskutik dator Los Williams dokumentala.