"Itunpeko sarea dagoan bitartean segregazinoa egongo da" esan dau EHIGEko buruak

Eskola publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzan matrikulazinoak %53ra igo dau

Lurdes Imaz: “Sailburu barriari familien eretxia kontuan hartzea eskatzen deutsagu”

Lurdes Imaz (EHIGEko burua) / Bizkaia Irratia

Eskola, ikastetxe edo ikastola gehienetan ikasleek gaur izango dabe euren lehenengo klase eguna. Irakasleak irailaren 2tik beharrean dabilz eta hezkuntza zentro batzutan pasa dan barikuan aurkezpen eguna izan zan, baina modu orokorrean gaur emongo deutsie hasierea ikasturte barriari. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzari jagokenean eskola edo ikastetxe gehienetan ordutegi murriztua izango dabe aste osoan edo behintzat aste honen hasierako bi edo hiru egunetan eta gitxi barru ordutegi osoari ekingo deutse.

EHIGEk, Euskal Herriko Guraso Elkarteen Koordinakundeak, beste behin sare publikoaren aldeko apostua egin dau. Eskola publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzan matrikulazinoak %53ra igo dau. “DBHn eta Batxilergoan gure kopurua jaisten da eta gure erronka horri bueltea emotea da. Nafarroan esaterako, eskola publikoaren ehunekoa askoz handiagoa da” esan deusku Lurdes Imazek, EHIGEko buruak. Segregazinoagaz amaitzeko EHIGEk neurri gehiago eskatu dauz. “Itunpeko asko dagoan lekuan segregazino handia dago. Publikoa gehiago lehenetsi behar da, izan be itunpekoa dagoan bitartean segregazinoa egongo da” aitatu dau Imazek.

EHIGEk D eredua indartu beharko litzatekela uste dau. Sare publikoan dagozanen %96k D eredua aukeratu dau eta itunpekoen kasuan datua txikiagoa da. “D ereduan dagozan gehienek euskera maila bajua daukie eta ikasle guztiei euskera maila egoki bermatu behar jake. Orain arteko metodologiek balio daben ala ez ebatzi beharko da. EUSLE programea badago eta ona da baina gehiago behar da” esan dau EHIGEk.

Hezkuntza sailburu barriaz, ikasle-irakasle ratioez edo hezkuntza zentroetako sukaldeez be berba egin dogu Lurdes Imazek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00