Madalen Eguna ospatuko da gaur Bermeon, Elantxoben eta Mundakan. Ohikoa izaten da gaurko egunez itsas erromeria egitea. Bermeon urtengo dau honek. Izaro uhartean geldialdia egin eta teila botako dabe. Ostean Elantxobera joko dabe, eguna bertan igaroz. Arratsaldean, Mundakara abiatuko dira eta jaia Bermeon amaituko da iluntze-gau partean.
Ohitura honen jatorria, Izaro uhartearen jabetzaren ingurukoa zala aipatzen da. Bermeo eta Mundakaren arteko estropada bat egin zala aipatzen da eta Elantxobe izan zala epailea. Aingeru Astui bermeotarrak, Arrantzaleen Museoko zuzendaria izan zanak gaur azaldu deuskunez ez zan holakorik gertatu. XV. mendean kokatzen dau Astuik jai honen jatorria. Komentua egin eben sasoi hartan Izaron eta orduan hasi ei zan mugak izendatzeko ohiturea. Komentua 1719. Urtean desagertu zan baina ohiturea mantendu egin zan, bazkari bat eginaz bide batez. Elantxobera joaten XIX. Mende amaieran edo XX. Mende hasieran hasi ziran. Eta Izaron teila botatea, gerra ostetik datorren ohiturea da Aingeru Astuiren arabera. Arabiar estiloko teila izaten da eta erabilitakoa izan behar da. Aurten, honakoa Benito Barrueta Arte Alkarteak diseinau dau. Alkarte honetako Rosa Mari Gabantxok margotu dau.
Omenaldiak
‘Alkartasunien ospatuz’ izena jarri deutse. Bermeoko lau talde omendu gura dabez euren urteurrenak ospatzen dabez eta; Alkartasuna dantza taldeak 50 urte bete dauz, Erraldoien Konpartsak 20 urte, Bermeoko Abesbatzak 70 eta Benito Barrueta alkarteak 75. Aurten bestalde, Hilario Aurtenetxe Mentxakaren aldeko omenaldia be izango da 11:30tan Bermeon. Bera izan da azken 40 urteetan, gaurko egunez Bermeoko bandera eta ikurriña Izaron jarri dauazana. Merezitako omenaldia jasoko dauala esan deusku Aingeru Astuik. Itsas zeharkaldia eguerdiko 12ak aldera hasiko da Bermeon. Izaron geldialdia egin ostean, Elantxoben, aginte makila emongo deutso hango alkateak Bermeokoari.
