
Maitane Ipiñazar buruzagi jeltzalearentzat tristea eta arduratzeko modukoa da Espainiako epaitegiek euskeraren legeaz emon daben epaia. Bizkaia Irratian izan da gaur goizean Euskadi Buru Batzarreko idazkaria. Euskeraren legeaz, epaileek arauak aipatzen dauan gehiena balio barik itxi izana, kezkatzekoa dala esan deusku. Espainiako Auzitegi Gorenak esandakoaren aurrean izandako erreakzinoen artean, EH Bilduk, jarrera irmoagoa eskatu deutso EAJari. Ipiñazarrek erantzun deutse, eurak ez direla hitzetan geratzen eta ekintzakaz ari direla lanean. Epaileek interpretazino arloan zalantzarik ez izateko bidean hartutako neurriak aipatu dauz.
Eskuduntzak
Maitane Ipiñazar buruzagi jeltzalearentzat, bestalde, tamalgarria da Espainiako gobernuak 46 urte pasata oraindino Gernikako Estatutuak dinoan guztia ez betetea. Gizarte Asegurantzaren inguruko eskunduntza guztiak azkenean, aste honetan Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen artean izandako batzarrean ez dira Jaurlaritzaren esku geratu eta aipatu izan da Yolanda Diez enplegu ministroa izan daitekeela horretarako oztopoa. Ipiñazarrek aipatu dau, ikusi besterik ez dagoala noren esku dagoen ardura hori Espainiako gobernuan. Beraz, erantzukizuna eskatu deutse gobernua osotzen daben alderdi biei.
Ustelkeria
Pedro Sanchezek, bestalde, Espainiako kongresuan, ustelkeriaren ganeko neurriak agindu ebazan, Cerdan auziaren ostean sortutako guztiari erantzuna emonaz. EAJa oso kritiko azaldu zan pleno hartan. Ipiñazarrek azpimarratu dau, Sanchezek oraindino gauza asko daukazala argitzeko. Ustelkeria kasuek indarra emon deutse aspaldion VOX alderdiari. Alde horretatik, eta etorkinen ganean alderdi honek daukan diskursoa ikusita, zein, Murtzian izandako istiluak ikusita, arduratuta azaldu da Maitane Ipiñazar buruzagi jeltzalea. Gaia gurera ekarrita, azpimarratu egin dau urte asko daroaguzala hemen etorkinak hartzen, gogoratuz, legeak derrigortu egiten dauala adin txikikoak hartzen. Beraz, Teresa Laespadak esandakoa ez dauala ulertzen esan deusku. Laespadak adierazi eban, akatsa izango litzatekeela Kanariar Uharteetako adin txikiko etorkinak hemen ez hartzea. Ipiñazarrentzat, Laespadak jakin egin beharko leuke zein dan egoerea hemen.